Musika Bulegoa sariek 160 proposamen jaso dituzte hamargarren edizioan

Musika Bulegoa sarien 2025ko irabazleak
MUSIKA BULEGOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 27 enero 2026 11:54

BILBO 27 (EUROPA PRESS)

Musika Bulegoa elkarteak antolatzen dituen sarien hamagarren edizioak 160 lan jasota itxi du proposamenak aurkezteko epea. Euskal Herri osotik iritsitako lanak dira, eta estilo, formatu, hizkuntza eta profilen aniztasun zabala islatzen dute. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 4an izango da, Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan.

Musika Bulegoa elkartetik jakinarazi dutenez, jasotako proposamenek lurralde, estilo eta formatu aniztasun handia erakutsi dute. Jatorriari dagokionez, proiektuen %42,5 Gipuzkoatik iritsi dira, %30,6 Bizkaiatik, %13,8 Nafarroatik, %7,5 Iparraldetik eta %5,6 Arabatik.

Lan mota kontuan hartuta, disko osoek osatu dute proposamenen erdia baino gehiago (%51,3), eta ondoren datoz abesti bakarreko lanak (%16,9), EP edo iraupen laburreko diskoak (%12,5) eta zuzeneko lanak (%10). Era berean, idatzizko obra musikalak (%3,1), soinu bandak (%1,9) eta beste formatu batzuk (%4,4) ere aurkeztu dira.

Musika estiloen atalean, pop-rocka da nagusi, proposamenen %25ekin, eta jarraian datoz musika alternatiboa/indiea (%10,63) eta folk-munduko musika (%10,63). Musika klasiko garaikidearen (ia %9) zein musika elektronikoaren (%7,5) poresentzia ere nabarmendu da. Gainerako proposamenak beste estilo eta fusio batzuen artean banatu dira.

Hizkuntzei dagokienez, euskara da nagusi, lanen %68,1ean agertzen baita; gaztelania proposamenen %11,9an ageri da, eta %7,5 lan instrumentalak dira. Gainerakoek beste hizkuntza batzuk edo formatu eleaniztzak uztartzen dituzte.

Genero irizpideari begiratuta, proiektuen %50,6 emakumeek gidatutakoak edo gehienbat emakumeek osatutakoak dira, eta gainerako %49,4an, berriz, ez da genero irizpiderik ezarri, deialdian parte hartze orekatua islatuz.

SARIAK

Musika Bulegoa sariek hainbat aitortza emango dituzte. Horrela, epaimahai profesional batek aukeratutako zortzi sari banatuko dira, EHMBE Ohorezko Saria Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak emango du, Etxepare Euskal Institutua Musikaren Saria Etxepare Euskal Institutuak hautatuko du -nazioartekotze eta kanpo proiekzio irizpideak kontuan hartuta-, eta Publikoaren Sariak herritarren parte hartze zuzena ahalbidetuko du.

"Hamargarren edizio honekin, Musika Bulegoa sariek berriro berresten dute aniztasunarekin, kalitatearekin eta musika sorkuntzaren ikusgarritasunarekin duten konpromisoa, sektorearen ezinbesteko hitzordu gisa sendotuz", nabarmendu dute arduradunek.

Musika Bulegoa sariak Musika Bulegoa elkartearen ekimena dira, eta Euskal Herrian sortutako musika balioan jartzea dute helburu. Edizio berria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Laboral Kutxak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute babesle nagusi gisa eta Etxepare Euskal Institutuak babesle bezala, eta SGAE Fundazioa eta Atabal aretoa laguntzaile gisa parte hartzen dute.

Contador

Contenido patrocinado