Musika Bulegoa sarien 2026ko ediziorako proposamenak bidaltzeko epea irekita dago

Archivo - Musika Bulegoa sarien banaketa ekitaldi bat
MUSIKA BULEGOA - Archivo
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 13 diciembre 2025 11:32

BILBO 13 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak Musika Bulegoa sarien hamargarren edizioa jarri du martxan, eta euskal musika eszenako eragileek 2026ko urtarrilaren 22ra arte aurkez ditzakete beren proiektuak. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 4an izango da, Miarritzeko Atabal aretoan.

Sarien arduradunek jakinarazi dutenez, helburuetako bat euskal musikaren sektoreari balioa ematea da, baita artisten sorkuntza sustatu, haien lana ezagutzera eman eta erakuslehio izatea ere.

"Azken finean, Musika Bulegoak bultzatutako ekimenaren xedea Euska Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea eta euskal musikarien eta euskal musikaren sektoreko eragileen jarduera aitortzea da", adierazi dute.

Gainera, egindako musika lanak balioan jarri eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmentzea bilatzen da, eta, horregatik, ez dago inolako kategorizaziorik, beste lehiaketa batzuetan ez bezala.

Musikariek, kazetariek, musika programatzaileek eta hezkuntza nahiz industriatik datozen pertsonek osatuta epaimahai batek aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu eta sarituko diren 11 lanetatik zortzi aukeratuko ditu.

Aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza batzordeak sari berezia emango dio Euskal Herriko musikagintzarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazioa edo zabalkundea bezalako arloetan proiektu aipagarria garatzeagatik.

Etxepare Euskal Institutuak ere sari bat emango du, artista edo talde batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortzeko.

Halaber, hirugarren urtez, Publikoaren Saria banatuko da, sarituen zerrendaren azken emaitzan eragina izango duena. Epaimahai profesionalaren lehen fasea amaitu ondoren, bozketa irekiko da, publikoak bere artista gogokoena aukera dezan horretarako izendatuko den webgune baten bidez. Ekimenaren helburua euskal artisten talentua gozatzen eta baloratzen duten pertsona guztiei ahotsa ematea da.

Epaimahaiak eta Etxepare Euskal Institutuak emandako sariek 2.000na euroko ordainsaria izango dute, Publikoaren Sariak 1.000 eurokoa, eta Ohorezko Sariak ez du ordainsaririk izango. Guztiek Fernando Mikelarena egilearen eskultura jasoko dute.

HAUTAGAITZAK

Euskal Herriko musika sektorean lan egiten duen edonork aurkez dezake 2026ko Musika Bulegoa sarietarako hautagaitza 2026eko urtarrilaren 22ra arte.

Euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, nahiz eta sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere aurkez daitezkeen, betiere, edozein euskal musikarik sortu edo interpretatzen baditu, musika generoa edozein dela ere.

Lanak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean publikoki aurkeztuak izan beharko dira.

Orain arte, Zea Mays, Izaro, Su Ta Gar, Chill Mafia, Gorka Urbizu, Gabriel Erkoreka, Kepa Junkera, Teresa Catalan, Bilboko Kafe Antzokia, Benito Lertxundi edo Eresbil Musikaren Artxiboa izan dira sarituak aurreko edizioetan.

Sariak banatzeko ekitaldia Miarritzera itzuliko da hamargarren edizioan, eta, aurten Araban izan ondoren, 2026an Miarritzeko Atabal aretoan ospatuko da euskal musikaren jaia.

Contenido patrocinado