Musika Hamabostaldiko Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastarorako aurrematrikula zabalik da

Aurreko edizioko parte hartzaileak
MUSIKA HAMABOSTALDIA
Publicado: sábado, 16 febrero 2019 12:37

   DONOSTIA, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

   Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastarorako aurrematrikula zabaldu du dagoeneko 80. Musika Hamabostaldiak. Irakaslea Daniel Roth organista frantsesa izango da, eta ikastaroa abuztuaren 5etik 9ra bitartean egingo da, Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoan. Gipuzkoako beste organo erromantiko batzuetan ere emango dira eskolak eta ikasleek ikastaro bukaerako kontzertua eskainiko dute San Bizente elizan, abuztuaren 9an.

   Musika Hamabostaldiak Gipuzkoako organo ondare aberatsa ezagutzera ematen du zikloaren bidez, Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak adierazi duenez. Halaber, Esteban Elizondo zikloaren koordinatzailearen iritziz, mundu osoko organo jotzaileek zikloan parte hartzeko arrazoietako bat da Gipuzkoako elizetako organo erromantikoetako asko beren jatorrizko egoeran daudela: "Hemen topatzen dute organistek bilatzen duten jatorrizko soinu hori".

   Ikastaroan parte hartu nahi duten ikasle aktiboek programan proposatutako obretatik bi prestatu beharko dituzte ikastarorako. Ikastaroaren zenbatekoa 140 eurokoa da ikasle aktiboentzat (gehienez 15 ikasle) eta 106 eurokoa entzuleentzat.

   Esan bezala, irakaslea Daniel Roth frantsesa izango da. Mulhousen jaio zen, eta bertako kontserbatorioan organoa ikasi zuen. Parisko kontserbatorioan jarraitu zituen bere ikasketak eta bost sari irabazi zituen han zela. 13 urtean zehar Parisko Sacre Coeur basilikako organista izan zen, eta 1985etik Parisko St. Sulpice-koa.

   Marseilla, Estrasburgo, Frankfurt eta Saarbrücken hirietako kontserbatorioetan irakasle izan da, bai eta Washington D.C.-ko Unibertsitate Katolikokoa ere. Mundu osoan eskaini ditu errezitaldiak eta Philips, Emi, Erato eta Arion zigiluentzako diskoak grabatu ditu. Era berean, izen handiko organo konpositorea da.