BILBO, 5 (EUROPA PRESS)
Nafarroan euskarazko literaturak bizi duen egoera aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte lurraldeko idazleek Iruñean ostegunetik larunbatera, maiatzaren 8tik 10era, Euskaltzaindiaren babesarekin eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin.
Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkariak eta Castillo Suarez idazle eta euskaltzain osoak astelehen honetan aurkeztu dute 'Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada' egitasmoa, Akademiaren Nafarroako ordezkaritzan.
Arakamak era honetako egitasmoen garrantzia nabarmendu du, baina aitortuz garrantzitsua dela, baita, halakoetan berehalako itzulpena jartzea, mezua erdal komunitateari ere helarazteko.
Era berean, Alemanek erakundeetatik jasotako babesa eskertu du, eta esan du jardunaldi hauek baliagarriak izan daitezkeela nafar gizarteak euskal literaturaz eta bereziki nafar literaturaz pertzepzio handiagoa izateko: "Balio beharko lukete, baita ere, Nafarroako kultur eragile guztiak lurraldeko literaturaren egoerari gehiago erreparatzeko".
Orobat, Suarezek jardunaldien nondik norakoak zehaztu ditu, kezka noiz eta non sortu zen azalduz. Bere hitzetan, "egitasmo hau 2023. eta, batez ere, 2024. urtean zehar hainbat bilera eta kontaktu egin zituen Nafarroako euskal idazle talde batena da".
"Guztion kezka da euskal literaturak Nafarroako gizartean duen ikusgarritasun eza. Uste dugu arazoa ez dela konponduko jardunaldi hauek eginda, baina, halaber, uste dugu bide luze baten hasiera izan daitekeela", gaineratu du.
EGITARAUA
Egitarauari dagokionez, ostegunean, maiatzaren 8an, Koldo Izagirreren hitzaldia izango da Pinaquy aretoan, 18:30ean: 'Lurralde berri bat'. Joan diren 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabal bat egingo du, eta izan dituzten kritikak aztertuko ditu. Kritikarien begietatik ikusita, nobelagintza horrek eduki dituen ezaugarriak eta dohain literarioak nabarmenduko ditu.
Hitzaldia, gainerako ekitaldiak bezala, publikoari irekia izango da, eta interpretaritza zerbitzua izango du, hau da, euskal zein erdal entzuleentzat.
Orobat, ostiralean, maiatzaren 9an, mahai ingurua izango da Pinaquy aretoan, 18:30etik aurrera. Irati Jimenez idazleak gidatuko du, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte hartuko dute, hain zuzen ere Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.
Azkenik, larunbatean maiatzaren 10ean, errezitaldia izanen da Kondestable jauregian, 12:00etan, 'Lur bat zedarritzeko hitzak' izenburupean, eta beren poemak irakurriko dituzte Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.