BILBO 8 May. (EUROPA PRESS) -
Nafarroan euskarazko literaturak bizi duen egoera aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte lurraldeko idazleek Iruñean ostegun honetatik larunbatera, maiatzaren 8tik 10era, Euskaltzaindiaren babesarekin eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, egitaraua Koldo Izagirreren 'Lurralde berri bat' hitzaldiarekin hasiko da, Pinaquy aretoan, 18:30ean. Joan diren 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabal bat egingo du, eta izan dituzten kritikak aztertuko ditu. Kritikarien begietatik ikusita, nobelagintza horrek eduki dituen ezaugarriak eta dohain literarioak nabarmenduko ditu.
Hitzaldia, topaketen gainerako ekitaldiak bezala, publikoari irekia izango da, eta interpretaritza zerbitzua izango du, hau da, euskal zein erdal entzuleentzat.
Orobat, ostiralean, maiatzaren 9an, mahai ingurua izango da Pinaquy aretoan, 18:30etik aurrera. Irati Jimenez idazleak gidatuko du, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte hartuko dute, hain zuzen ere Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.
Azkenik, larunbatean maiatzaren 10ean, errezitaldia izanen da Kondestable jauregian, 12:00etan, 'Lur bat zedarritzeko hitzak' izenburupean, eta beren poemak irakurriko dituzte Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.