nanoGUNE ehungintzako zuntzak eta ehunak funtzionalizatzeko teknika espezifikoak garatzen ari da

Natalia Chamorro ikertzailea
CIC NANOGUNE
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 31 mayo 2023 12:27

DONOSTIA 31 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako CIC nanoGUNE nanozientziaren euskal ikerketa zentroa ehungintzako zuntzak eta ehunak funtzionalizatzeko teknika espezifikoak garatzen ari da. Nanomaterialen taldeak zuzentzen duen etorkizun handiko ikerketa ildoa Elkartek programaren proiektu batean kokatzen da, eta, nanoGUNErekin batera, Gaiker zentro teknologikoak eta Andromeda Moto ehungintzako enpresak ere parte hartzen dute.

Ikerketa zentroaren arduradunek jakinarazi dutenez, ehungintzan, berrikuntza ez da soilik diseinuan eta modan gertatzen, eta industriak eta merkatuak gero eta ehun berritzaile gehiago eskatzen dituzte, diseinatu diren erabileretara egokitzeko.

Bada, azken hamarkadetan, nanoteknologiak hainbat teknika garatu ditu materialen propietateak "neurrira" aldatzeko. Hori dela eta, "aliatu ukaezina" da jantziei propietate berriak emango dizkieten zuntz berriak garatzeko: erresistentzia handiagokoak, iragazgaitzak, izpi ultramoreetatik babesteko balio dutenak, mikrobioen aurkakoak, orbanen aurkakoak eta abar.

Helburu horrekin, nanoGUNEko Nanomaterialen taldeak funtzio anitzeko ehun zuntzak garatzen dihardu. Horretarako, "jada oso ondo ezagutzen ditugun bi teknika uztartzen ditugu, atomo geruzen jalkitzea eta lurrun faseko infiltrazioa deritzenak, material biobateragarrien partikula nanometrikoak ehun zuntzetan txertatzeko. Hala, ehun arrunten izaera aldatzen dugu, hala nola kotoiarena, poliesterrarena edo nailonarena, propietate berriak emanez", azaldu du Natalia Chamorro ikertzaileak.

Atomo geruzen jalkitzea oso teknika erabilia da industria sektore askotan, gainazalean partikula txikien geruza finak ezarriz materialak funtzionalizatzeko. Lurrun faseko infiltrazioa, aldiz, nanoGUNEn aplikatutako teknika bat da, eta, etengabeko bilakaerari esker, gaur egun mundu osoan erabiltzen da materialak hobetzeko.

Proiektuaren bitartez, teknika aztertzen eta hobetzen ari dira, ehungintzan erabili ahal izateko. "Asko hobetu da zenbait ehunen iragazgaiztasuna, euripean blaitzetik iragazgaitz izatera igaro baitira. Era berean, zenbait bakterio aztertzeari esker, ehun batzuei mikrobioen eta usainaren aurkako propietateak eman ahal izan dizkiegu, esate baterako, kotoiari eta bakeroari. Izpi ultramoreen aurkako babesa hobetzea ere lortu dugu", esan du Chamorrok.

Ikertzailearen arabera, "nanoteknologian oinarri harturik, ehungintzak aukera bikaina du aurretik kontsumitzaileen eta enpresen eskaerak aseko dituzten produktu berri eta hobetuak sortzeko, eta enpresa asko hasi dira jada horrelako berrikuntzetan inbertitzen, pertsonen eguneroko bizimodua hobetzeko".

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado