BILBO 20 (EUROPA PRESS)
Nantesko (Frantzia) - Festival du Cinema Espagnol (FCEN) jaialdiaren baitan egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 25 edizio beteko ditu aurten, Etxepare Euskal Institutuak Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin sustatuta 'Ça colle au basque' euskal kultura frankofonian ezagutarazteko egitasmoaren baitan.
Erakusleihoa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio sendoenetakoa da, eta urtero euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du, Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez.
Bada, euskal zikloak 25 urte beteko dituen edizio honen baitan, guztira, 20 euskal ekoizpen izango dira Nantesen martxoaren 21etik 29ra egingo den zinema jaialdian, eta urtemuga goratzeko, Graslin operako antzokian euskal zinema sorkuntzari eskainiko ekitaldi berezia antolatuko dute martxoaren 25ean, 19:00etan.
Lehenik, Euskadiko Filmategiak Frantziako Zinematekatik berreskuratutako Nemesio Manuel Sobrevilaren 'Elai Alai' (1938) film dokumentala eskainiko da, Joserra Senperenak lagunduriko zuzeneko piano emanaldiarekin. Gerraren ondorioz erbesteratutako Gernikako Elai-Alai haur dantza taldeko irudiak eskaintzen ditu zintak, baita Eresoinka abesbatzako kideenak ere.
Filmaren soinurik gabeko pasarte zenbait Joserra Senperenak musikatuko ditu zuzenean, berariaz ondutako konposizioa interpretatuta; izan ere, Euskadiko Filmategiak 2012an 'Elai Alai' filmaren hainbat atal sonorizatu zituen, ordura arte Frantziako Zinematekaren negatiboak ez baitzuen soinurik batere.
Ondoren, 'Karmele' filma aurkeztuko da, Asier Altuna zuzendariaren eskutik. 2025ean estreinatutako lanak Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzako pasarte batzuk pantailaratzen ditu, horiexek ere gerra testuinguru bertsuan bizitakoak. Kirmen Uribe idazlearen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eleberria du ardatz filmak.
EGITARAUA
Gainera, FCEN zinemaldiaren 25. euskal atalaren egitarauan beste zazpi film luze eta Kimuak 2025 programako zazpi film labur proiektatuko dira, baita 'Yakarta' minisaila ere. Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak FCENen 34. edizioko beste sail batzuk zipriztinduko ditu.
Horrela, Fenêtre Basque atalean ikusiko diren film luzeen artean daude Alberto Gastesi zuzendariaren 'Singular' (zuzendaria bertan izango da), Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 'La trinchera infinita' eta Alauda Ruiz de Azuaren 'Los Domingos'.
Gaienra, 'Ehun metro', Alfonso Ungriarena, 'Hamaseigarrenean aidanez', Anjel Lertxundirena, 'Zergatik panpox' Arantxa Urretabizkaiak idatzi eleberriaren egokitzapena dena, eta euskal gizartearen memoria eta nortasun kolektiboa uztartzen duen Jose Julian Bakedanoren 'Oraingoz izen gabe' ere proiektatuko dituzte.
Euskal film laburrek ere izango dute tokirik aurtengo Nantesko jaialdiko euskal leihoan, euskal zinema sorkuntzaren parte den Kimuak programaren 2025. urteko film laburrak proiektatuko baitira: Aitor Abioren 'Dicen que tu padre', Lara Izagirreren 'El regalo', Ekaitz Bertizen 'Erreka zoko hortan', Ainhoa Ordoñezen 'Habana industrial', Ricardo Del Conderen 'Las manchas del jaguar', Harrotu Ileak kolektiboa eta Zine-Laben 'Sueños de viernes' eta Maren Zubeldia eta Silvina Gugliemottiren 'Ultramarino'.
Azkenik, Diego San Jose euskal zinemagileak zuzendutako 'Yakarta' minisaila ere eskainiko da Nantesko zinemaldian, egilea bertan izango delarik.
LEHIAKETAN
Euskal zikloaz gaindi, Nantesko zinemaldiak beste sail batzuetan ere izango ditu zenbait euskal ekoizpen. Sail ofizialean, esaterako, 'Maspalomas' (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi) eta 'El mal' (Juanma Bajo Ulloa) filmak lehiatuko dira. Arregi eta Bajo Ulloa Nantesen izango dira.
Lehen film onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, gainera, beste euskal ekoizpen bat dago: 'Todo lo que no sé' (Ana Lambarri). Lehen film luzea du Lambarrik eta bere istorioak gazte baten helduarorako trantsizioa du ardatz. Filmaren aurkezpen emanaldian izango da zuzendaria.