Natur Zientzien III. Topaketa azaroaren 17an eta 18an egingo dute, Gasteizen

Ezkerretik eskuinera: Prusilla, Sarasua eta Salaberria
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 7 noviembre 2018 16:16

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Natur Zientziak sailak eta Euskalnatura taldeak Natur Zientzien III. Topaketa antolatu dute, "Sinbiosian" izenburupean. Topaketa azaroaren 17 eta 18an egingo da, Gasteizko Europa jauregian, eta matrikula zabalik dago www.ueu.eus web orrian. Ingurumen hezkuntza, lehen sektorearen erronkak eta ehizaren auzia aztertuko dituzte aurten, besteak beste.

Iñaki Prusilla Gasteizko Ingurumen zinegotziak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariak, Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak eta Aitor Salaberria topaketaren koordintzaileak hartu dute parte aurkezpenean.

Gogorarazi dute Euskal Herrian naturaren inguruan lanean dauden profesionalen eta naturzale euskaldunen topagunea izateko sortu zutela topaketa duela bost urte, eta jakintza elkarbanatzea eta elkarlana sustatzea duela helburu.

Topaketaren aurrerapen bezala, "hitzaldi pizgarria" antolatu dute ostegun honetarako, azaroaren 8rako. "Otsoa Europan babestuta eta populazioak gorantz. Eta zergatik Euskadin ez?" hitzaldia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia Fakultatean izango da, Gasteizen, 12:00etan, eta hizlariak Jolanda Areitio eta Xabier Rubio Otso taldeko kideak izango dira.

ARABAKO EUSKALGINTZA

Salaberriak aurkezpenean azaldu du topaketa Gasteizera mugitzea ez dela kasualitate hutsa: "Aldaketarekin, Arabako euskalgintzari aitortu nahi diogu orain arte egindako lana, eta gure txikitasunetik, tresna bat gehiago euren esku jarri".

Halaber, Ingurumen zientzietako gradua, Murgiako basozaintza eskola, Neiker eta lehen sektore indartsua Arabako ezaugarri direnez, Araban ingurumenarekin erlazionatutako pertsonek elkar ezagutzea bultzatu nahi izan dutela nabarmendu du. "Bestela esanda, naturzaleen arteko sareak sortzeko akuilu izan, ekosistema honek ere euskaraz funtziona dezakeela praktikara eramanda", gaineratu du.

Era berean, topaketa antolatzeko garaian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak eta Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak emandako laguntza azpimarratu ditu Sarasuak: "UEUn elkarlanaren filosofia sustatzen dugu, indarrak biltzea gure jakintza, kultura eta hizkuntza indartzea dela sinesten dugulako. Eskerrik asko guztioi egindako lanagatik eta jarrai dezagun sinergiak biltzen".

Contenido patrocinado