Nerabeak birziklapenaz sentsibilizatzeko hamargarren kanpaina abian da Bilbon

Birziklapenaz sentsibilizatzeko hamargarren kanpaina Bilboko nerabeentzat
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 28 enero 2026 12:29

BILBO 28 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak eta Ecovidrio eta Ecoembes erakundeek hamargarren aldiz antolatu dute 'Birziklatu!', hiriko nerabeak birziklatzeak duen garrantziaz sentsubilizatzeko, hala etxean nola eguneroko bizimoduan. Ekimena asteazken honetan hasi eta martxoaren 27ra arte egingo da, hiriko 20 ikastetxetako 14 eta 18 urte arteko 2.200 ikasle baino gehiagoren parte hartzearekin.

Aurreko aldietan izan duen arrakasta ikusirik -iaz, parte hartu zuten ikastetxeek kanpainari 10etik 9ko kalifikazioa eman zioten-, hiru entitateek ostera ere indarrak bildu dituzte ekimena abian jartzeko, eta hamargarren ikasturtea erreskadan izango da aurtengoa, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

Programaren lehen saioak asteazken honetan egingo dira, eta programa martxoaren 27ra arte garatuko da. Bilboko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 20 ikastetxek ziurtatu dute parte hartuko dutela, eta guztira, 14 eta 18 urte bitarteko 2.200 neska-mutil inguru izango dira.

Ekimenak eskola komunitatean eragin nahi du, kolektibo hori oso lotua dagoelako ingurumenaren egunean eguneko gorabeherekin, bai curriculumaren aldetik, bai komunitateak udalerriko proiektuetan duen partaidetzagatik.

Bilboko Udalak "bere egina duenez hobekuntza etengaberako konpromisoa", aurten kanpainarako baliatutako material eta aurkezpen guztiak berritu dira, eta dinamismoa eta erakargarritasuna erantsi zaizkie.

Horrela, kanpainaren helburuen artean daude hiri hondakinen inguruko ezagupena areagotzea, hondakinen hierarkia azpimarratuta, hau da, gutxitzea eta birziklatzea; azpimarratzea etxean sortzen ditugun hondakinekiko pertsona bakoitzak duen garrantzia eta erantzukizuna; kanpainan parte hartzen dutenak bultzatzea jarrera alda dezaten, hondakin gutxiago sortu eta sortutakoak behar bezala bereizteko; eskola komunitate osoa sartzea hondakinak modu egokian bereiztearen aldeko ekintzan.

SAIOAK

Ikasgeletan egingo diren saioek ordu eta erdi inguru iraungo dute, eta hiru zatitan egingo dira. Lehenengo zatian hondakinak murrizteari buruzko edukiak jorratu eta hainbat gai landuko dira, hala nola kontsumoa bultzatzeko gaur egun erabiltzen diren salmenta teknikak, edo saltoki handiek gehiago saltzeko erabiltzen dituzten merkataritza estrategiak. Helburua da eztabaida piztea kontsumo arduratsurako jarraibideen inguruan.

Bigarren zatian objektuen berrerabilpena lantzen da, eta hirugarrenean -luzeena-, birziklatzea izango da hizpide, hondakinak behar bezala nola bereizi landuz, etxean nahiz eguneroko kontsumoan. Jolas dinamika baten bidez, lortu nahi da nerabeek barneratzea edukiontzi bakoitzera zer bota daitekeen eta zer ez, eta arreta berezia jartzea jakiteko edukiontzi bakoitzera zer hondakin ez den bota behar.

"Azken batean, parte hartze bidezko jarduerak proposatzen dira, jakin-mina piztu eta hausnarketa eragiteko", azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado