Noka Mentoring programa astelehenean abiatuko da, Tabakaleran, emakume gidoilarien solasaldi batekin

Solasaldiaren kartela
ZINEUSKADI
Publicado: domingo, 17 febrero 2019 14:27

DONOSTIA, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Iratxe Fresneda zinema zuzendariak eta unibertsitateko irakasleak Meritxell Colell, Celia Rico eta Marina Stavenhagen autoreen gidoiak aztertuko ditu astelehenean, otsailaren 18an, Donostiako Tabakalerako Z aretoan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadi elkarteak bultzatutako Noka Mentoring programaren lehen topaketan parte hartuko dute hiru zinemagileek. Euskal emakume zinegileen pisua eta ikusgaitasuna indartzea helburu duen formakuntza eta laguntza programa da Noka Mentoring.

Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, prestakuntza programak lehen topaketa irekia egingo du datorren astelehenean, gidoi on baten gakoak aztertuko dituen solasaldiarekin. Urte osoan zehar zabalduko den programak mentoreen eta ikasleen arteko prestakuntza saioak eta zinemaren industriako langileei zuzendutako mahai inguru irekiak uztartuko ditu.

Mentoretza programan, zinemaren sektorean ibilbide aitortua duten 12 profesionalek aholkularitza saioak izango dituzte pelikula bat filmatzeko prozesuan dauden hiru euskal emakume zinemagilerekin: "Agurra" lehen film luzea filmatzen ari den Itziar Leemans, "El Peso" dokumentala filmatzen ari den Tamara Lucarini eta "20.000 especies de abejas" izenburuko fikziozko film luzea burutzeko prozesuan dagoen Estibaliz Urresola.

Formakuntzaren lehen faseak gidoiaren prestakuntza du helburu, eta Meritxell Colell, Celia Rico eta Marina Stavenhagen zinemagileak dira lehen etaparen arduradunak. Izan ere, beraiek idatzitako istorioak pantailaratzen dituzte hirurek: Colellek iaz estreinatutako "Con el viento" lehen film luzearekin hainbat sari eskuratu ditu; Celia Rico zuzendariak dozena bat sari irabazi ditu "Viaje al cuarto de una madre" lehen lanarekin; Mexikoko zuzendari eta gidoigile Marina Stavenhagen-en ibilbidean "De la calle" edo "Viaje redondo" pelikulen gidoiak nabarmentzen dira. Donostian izango dira hirurak otsailaren 18tik 22ra programan parte hartzen duten hiru zinemagileekin banakako prestakuntza saioak egiteko.

Tutoretzaz aparte, hiru mentoreek Iratxe Fresnedak zuzendutako solasaldian parte hartuko dute astelehenean. "Irrintziaren Oihartzunak" eta "Lurralde Hotzak" dokumentalen zuzendaria eta ikus-entzunezko komunikazioko irakaslea da Fresneda. Topaketan, gonbidatuen filmografiako eszena garrantzitsuen analisia egingo da, bai eta pelikula eta gidoi on batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak aztertu ere. Solasaldiaren ostean, koktela eskainiko da eta zinema sektoreko profesionalekin nertworking egiteko aukera ere egongo da.

Datozen hileetan, hainbat gai jorratuko dituzten prestakuntza saioak burutuko dira: apirilaren 8tik 12ra zuzendaritzaren inguruko formakuntza; ekainaren 3tik 7ra pelikularen ekoizpena; urrian nazioarteko salmentari eta banaketari buruzko saioak. Mentoretza saioak burutzen diren aste guztietan zinemaren industriako profesionalei
zuzendutako jarduera paralelo irekiak egingo dira.