Olatz Perez de Viñasprek II. Gladys Saria jasoko du

Olatz Pérez de Viñaspre
PUNTUEUS
Actualizado: lunes, 26 septiembre 2022 10:07

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Olatz Perez de Viñaspre gasteiztarrak jasoko du II. Gladys Saria. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta irabazlearen ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egiten duen lana azpimarratu du. Sari banaketa asteartean izango da, irailaren 27an, 11:00etan, EHUko Informatika Fakultatean, Donostian, sariaren antolatzaileek jakinarazi duenez.

Puntueusek eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak antolatu dute Gladys Sariaren bigarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Sailaren eta Danobatgroup industria taldearen babesarekin eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Gladys sarien helburuak dira ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzea, gazteentzat erreferenteak sortzea eta egiten duten lana jendarteratzea, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.

Olatz Perez de Viñaspre Garralda Gasteizen jaio zen 1987an. Ibilbide akademikoari dagokionez, sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da, eta EHUko Informatika Fakultatean burutu zituen ikasketak.

Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin zuen, 2011-2013 urteetan. Azkenik, 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen EHUko Informatika Fakultatean, Donostian.

Gaur egun irakasle atxikia da EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean eta ikerketa munduan ere dihardu. Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena Sarietan Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza arloko saria jaso zuen. Horrez gain, I. Ikergazte: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz biltzarrean Udalbiltzak banatutako Sari Berezia eman zioten, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik.