BILBO, 9 (EUROPA PRESS)
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 'Oraintsuko Historiaurrea Iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (PreKronoa)' proiektuarti eman dio Barandiaran Beka 2020. Miriam Cubas Morerak zuzenduko du ikerlana, eta Angel Armendarizek, Jesus Tapiak, Izaro Quevedok eta Urko Santamariak osatuko dute lantaldea, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak jakinarazi duenez.
Guztira, arkeologia arloarekin erlazionatutako bederatzi proposamen aurkeztu dira Barandiaran Beka 2020 deialdira. Lanak baloratu dituen epaimahaiaren esanetan, "edizio honetako maila altua izan da". "Aurkezturiko zenbait proiektuk gai originala landu dute eta, gainera, parte hartzaileen aniztasuna ere aipagarria da", gaineratu du.
Epaimahaiak nabarmendu du proiektu irabazlea garatuko duen lantaldea izaera zabaleko pertsonez osatuta dagoela, dela adinagatik, dela beren lan ibilbideagatik. "Cubasek zuzendutako taldea izanda, gainera, ikerketaren emaitza ona bermatzen digu, bere lan arloan erreferentea baita. Bestalde, hautatu duten gaia gutxi ikertutakoa da, hain zuzen, Gipuzkoa eta Bizkaiko gertuko historiaurreari buruzko izango da", azaldu du.
Miriam Cubas Morerak jakinarazi duenez, 'Oraintsuko historiaurrea Iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (Prekronoa)' ikerlana 2020an zehar garatuko dute, eta Bizkaian eta Gipuzkoan oinarrituko dira. Ezagunak diren aztarnategietan ardaztuko da ikerketa, esaterako, hilobi haitzuloetan.
"XX. mendean zehar giza aztarnak agertu izan diren hainbat kobazulo aztertu eta induskatu ziren, eta horiek Oraintsuko Historiaurreari lotu izan zaizkie orokorrean. Proiektu honek aztarnategi horien kronologia zehaztu nahi du horietako haitzulo batzuetan dokumentatutako hildakoen datazioa eginez. Era berean, hildako horien analisi isotopikoa egingo da batez ere ze elikagai jan zuten jakiteko eta beraien dietaren baliabide nagusiak zeintzuk ziren zehazteko", azaldu du.
BIZKAI ETA GIPUZKOA
Horrela, Bizkaiko eta Gipuzkoako hilobi haitzulo esanguratsuenak aukeratuko dituzte bertako hilotzak noiz hil ziren jakiteko eta hil ziren unean zer jaten zuten ezagutzeko. Proiektuarekin, duela 7.000 eta 3.000 urte artean, ehorzketa toki gisa lurperatzeko haitzuloen erabileraren sistematizazioa ezartzea bilatzen dute, ehorzketarako leku moduan gehien erabili ziren uneak zeintzuk izan ziren aztertuz.
Erabiliko duten metodologiari dagokionez, PreKronoak aztarnategi interesgarrienen eta giza aztarnak hoberen kontserbatzen diren tokien aukeraketa egingo du. Hortik abiatuz, karbono 14aren bitartezko analisia egingo da, euren kronologia ezagutzeko. Hezurren kolagenoaren karbono eta nitrogeno isotopoak aztertuko dira, heriotzaren unean kontsumitzen zituzten jaki nagusiak zeintzuk ziren jakiteko.
Azkenik, proiektuaren zuzendariak nabarmendu du Euskal Herriko Historiaurrearentzat funtsezko proiektu bat garatzeko aukera eman diela Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak emandako bekak. "Kobazulo testuinguruan egiten ziren hilobiratzeak ezagunak dira arkeologiari dagokionez, baina haien kronologiaren eta gertuko Historiaurrean zehar izandako iraupenaren inguruan informazio gutxi dago. Hileta gertakari horien inguruko azterketa sistematikoa garatzea ahalbidetuko dio Barandiaran Bekak PreKrono ikerketa taldeari", azaldu du.