Osakidetzak zazpi milioi euro inbertituko ditu Basurtuko ospitaleko Esterilizazio Zentrala berritzeko

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Esterilizazio Zentrala
OSAKIDETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 19 mayo 2025 10:14

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak Basurtuko (Bilbo) Unibertsitate Ospitaleko Esterilizazio Zentrala berritzeko lanak hasi ditu Areilza pabilioiko sotoan eta zazpi milioi euro inbertituko ditu. Obrak 18 hilabetean zehar egingo dira eta 2026ko irailean amaitzea aurreikusi da.

Osakidetzatik jakinarazi dutenez, Basurtuko Esterilizazio Zerbitzuak ospitale osoan erabilitako material esterila prozesatzen du, batez ere eremu kirurgikoetan erabiltzen dena.

Bada, instalazioak eta ekipamendua osorik berritzeko eta handitzeko eta ospitalea azken belaunaldiko ekipoz hornitzeko lanak egingo dira orain. Horrek guztiak zentralaren bilakaera teknologikoa ekarriko du, asistentzia eta lan segurtasun handiagoa emango duena, baita eraginkortasun ekonomiko eta ingurumen babes handiagoa ere.

Esterilizazio Zentralaren lana "funtsezkoa" da Basurtuko Unibertsitate Ospitalean urtero egiten diren 29.000 ebakuntza kirurgikoei aurre egiteko eta eremu kirurgikoak eta material esterila erabiltzen den beste edozein leku material horretaz hornitzeko.

Instalazio berriek azken aurrerapen teknologikoak izango dituzte eta garbiketa eta esterilizazio prozesuaren kalitatea hobetzea ekarriko dute, eremuren bateko jarduera %15 handituz, esaterako, garbiketa eremukoa.

Osakidetzaren arabera, Basurtuko Esterilizazio Zentrala berritzea prozesu konplexua da, eta zerbitzu batzuek parte hartu behar izan dute proiektua egin ahal izateko.

Horrela, eraberritzearen tamaina eta sakontasuna direla eta, aldi baterako irtenbide alternatiboa bilatu behar izan da, obrek irauten duten bitartean zentralaren lana garatzen segitu ahal izateko eta jarduera kirurgikoari eragin barik. Horretarako, obraren lehen fasean irtenbide modular iragankorra instalatuko da, kirurgia eremuari erantsita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren helburua da Basurtuko Unibertsitate Ospitalea esterilizazio zentral batez hornitzea, jarduera kirurgikoan sartzen diren material berrietara egokitzeko gaitasuna izango duena.

Gainera, zentralaren hobekuntza ez da horrekin amaitzen, aurrerago tresna kirurgikoen trazabilitateari buruzko programa informatikoa ere sartuko delako, prozesuaren segurtasuna eta kalitatea handitzeko, paziente guztien asistentzia hobetzera bideratuta.

Contenido patrocinado