Osasun Zientzietako Ikertzaileen III. Topaketak egingo ditu UEUk urriaren 25ean, Eibarren

Osasun Zientzietako Ikertzaileen III. Topaketak
UEU
Actualizado 2018/10/16 12:08:28 CET

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Osasun sailak antolatuta, Osasun Zientzietako Ikertzaileen III. Topaketak izango dira urriaren 25ean, Eibarren, Markeskoa jauregian. Osasun zientzietako ikertzaile euskaldunen lerro zientifikoak aurkeztea, ikerlari euskaldunen harreman sarea sendotzea, ikerketa euskaraz egitea bultzatzea eta osasun zientzietan euskarazko produkzioa sustatzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak lagundu antolaketan, UEUk jakinarazi duenez.

Duela zortzi urte (2010), bizi zientzietan ikertzen zuten ikertzaile euskaldun asko batu ziren UEUko egoitza akademikoan lehen jardunaldietan, ikerketa taldeen ikerketa lerroak aurkezteko. 2010eko topaketa horien helburu nagusiak izan ziren ikerkuntza euskaraz egiten zela azalaraztea eta ikerlari euskaldunak elkar ezagutzea. Lau urtera, 2014an, Osasun Zientzietako Ikertzaileen II. Topaketak burutu ziren lehen topaketako helburuak berriz ere oinarri hartuta.

Horrela, UEUtik adierazi dutenez, osasun ikerkuntza euskaraz egiten dela azaleratzea eta euskal ikerlarien arteko harremanak sendotzea izan zen jatorrizko helburuak jarraitzen du xede izaten gaur egun ere. Osasun Zientzietako Ikertzaileen III. Topaketetan, aurrekoetan parte hartu zutenen ikerketen jarraipenaren berri izan eta talde berrien parte hartzea sustatu nahi dute antolatzaileek. Era berean, "osasun zientzietan diharduten ikerlari euskaldunen sarea ehuntzen" jarraituko dute.

Edizio honetan, oinarrizko ikerketaz gain, ikerketa klinikoari ere tokia egingo diote, alor horretan egiten den lana zabaldu eta trinkotzeko asmoarekin. Helburu horrekin sortu zen "Osagaiz: osasun-zientzien aldizkaria" ere, eta bere zuzendaria den Joxerra Furundarena izango da gonbidatuetako bat, aldizkariaz hitz egiteko.

Osasun zientzien arloko ikertzaile orori, laborategietako barne ikasle, doktoregai edo teknikariei, eta ikertzaile profesionalei eta unibertsitateko irakasleei daude zuzenduta topaketak, eta matrikula egiteko epea ostiralean bukatuko da, urriaren 19an.