Pantxoa eta Peiok jasoko dute 2026ko Adarra Saria

Pantxoa eta Peio
DONOSTIA KULTURA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 21 abril 2026 13:49

DONOSTIA 21 (EUROPA PRESS)

Pantxoa eta Peio bikote lapurtarrak jasoko du 2026. urteko Adarra Saria, Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiak hala erabakita, Donostia Kulturak jakinarazi duenez.

Epaimahaiaren arabera, Pantxoa eta Peiok 1960ko hamarkadatik gaur egun arte "kantuaren plazerra" hainbat belaunaldirekin partekatu du, "interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala elkarrekin uztartuta, estilo propioa duen errepertorio zabal eta interesgarria osatzeaz gain".

"Euskal gizartearen min eta nahien ahots bilakatuta, erresistentziazko himno bihurtu ziren protesta kantak plazaratu ditu; Euskal Herriaren nortasuna, sentimendua eta memoria kolektiboa espresatzen duten Iparraldeko kantu tradizionalak berreskuratu eta haien transmisioan lan eskerga egin du", nabarmendu du.

Era berean, epaimahaiaren arabera, Ipar Euskal Herriko poeta, idazle eta musikarien lanak interpretatuz, "Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubi-lana egin dute" Pantxoa eta Peiok, "eta garai zail eta erabakigarrietan euskal musikarentzat funtsezkoa izan den oinarrizko azpiegitura emankor bat abian jarri".

Bikoteak ekainaren 21ean jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra Jon Insausti alkatearen eskutik, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan, eta segidan kontzertua eskainiko du Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Danae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti (perkusioa) musikariek lagunduta.

Kontzerturako sarrerak 25 euroan jarriko dira salgai asteazkenean, apirilaren 22an, Donostia Kulturako bazkideentzat, eta ostegunean, apirilaren 23an, publiko orokorrarentzat, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webguneetan.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikagintzan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays, Errobi eta Antton Valverdek jaso dute Adarra Saria.

Contador

Contenido patrocinado