Paradisu Zinema 1. Musika Bekara proiektuak aurkezteko epea ekainaren 30ean bukatuko da

Paradisu Zinema 1. Musika Bekara proiektuak aurkezteko epea
ELKAR
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 7 junio 2023 10:19

BILBO 7 Jun. (EUROPA PRESS) -

Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak Paradisu Zinema 1. Musika Bekarako deialdia egin dute, Iñigo Muguruza musikaria gogoan eta musikarien lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, eta proiektuak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da. Bekak 10.000 euroko balioa izango du.

Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, musika lanak grabatzeko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka deialdia diskoa grabatzeko eta argitaratzeko da.

Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu: egin nahi duen sormen lanaren azalpena, 1-3 orri bitartekoa, egin nahi
den proiektuaren aurkezpena eginez; egin nahi den lanaren lagin bat, gutxienez kantu biko grabaketa; egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Proiektuak bidaltzeko epea ekainaren 30an bukatuko da, eta paradisuzinemabeka@elkar.eus helbide elektronikora edo 'Elkar MUSIKA. Haizpea industriagunea 1. 20150 Aduna. Gipuzkoa' helbide arruntera bidali beharko dira.

Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak osatutak epaimahai batek aztertuko ditu proiektu guztiak, eta epaimahaiak berak erabakiko du irabazlea, eta irabazleak emanbgo du jakitera. Joana Barbier (EHZ festibala), Andres Camio (Elkar Musika) eta Maia Muruaga (Antxeta irratia) izango dira epaimahaikideak.

Bekak 10.000 euroko balioa izango du eta era honetara bideratuko da: erdia Elkar estudioko orduetan emango da grabaketa eta edizio
lanetarako, eta beste erdia argitalpen kostuak eta sustapena bideratzeko erabiliko da. Gainera, 2024ko EHZ festibalean jotzeko aukera eskainiko zaio irabazleari.

URTEBETEKO EPEA

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lan amaitua Elkar argitaletxeari helarazteko eta epaimahaiaren onespena jasotzeko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, gutxienez hamar kanta izan beharko ditu azken lanak.

Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, Elkar argitaletxeari, EHZ festibalari eta Antxeta irratiari eman beharko dio aldaketaren berri eta epaimahaikoen onespena jaso. Horrez gain, irabazleak proiektuaren berri emango die hiru hilero antolatzaileei.

Lana argitaratzen denean, Elkar argitaletxearen eta egilearen artean argitalpen kontratua sinatuko da. Epaimahaiak onespena ematen
duenetik, gehienez ere 12 hilabeteko epean kaleratu beharko da lana, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Contenido patrocinado