Partaidetza prozesuaren ondorioz Martutenek izango duen eraldaketa aurkeztu die Donostiako Udalak bizilagunei

Martutene
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 29 enero 2026 15:11

DONOSTIA 29 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak Martutene pasealekua eta bere ingurua hobetzeko partaidetza prozesuaren emaitzak azaldu zizkien asteazkenean Martutene auzoko bizilagunei bilera ireki batean. Olatz Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Iraunkorreko zinegotzia, Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzia eta Idoia Gracia Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotzia izan ziren bertan.

Donostiako Udal Gobernuak ingurua eraldatzeko proposamena aurkeztu du, eta Plan Berezi berrian gauzatu du auzoari entzuteko hartutako konpromisoa. Gobernu bileraren hasierako onarpena apirilerako aurreikusi da, irailean edo urrian udalbatzan behin betiko onartu ahal izateko. Dokumentu hori landuta, Donostiako Udalak eraginkortasunez erantzun nahi izan dio prozesu honi, non auzoko elkarteek eta partikularrek aktiboki parte hartu duten.

Auzoa eraldatzeko aukera Martutenen bertan Trinketean eta gasolindegian egingo diren hirigintza garapenek eragin dute. Ildo horretan, Nekane Arzallusek nabarmendu duenez, "etxebizitza beharrak markatutako testuinguru batean, funtsezkoa da auzoko bizilagunekin batera egindako lana nabarmentzea, herritarren partaidetza prozesu baten bidez, plangintza partekatua eta komunitatearentzat onuragarria den proposamena lortzea ahalbidetu duena".

"Hirigintza antolamendu berri horrek hobekuntza argia ekarriko dio auzoari, eta, beraz, zorionak eman nahi dizkiet inplikatutako eragile guztiei, pertsonak eta lurraldea erdigunean jarriko dituen akordio bat posible egiteagatik", azaldu du.

Bestalde, Olatz Yarzak azpimarratu du "hiriko erdiguneko estandarrak" aplikatu dituztela Martutenen, "trafikoa gutxituz eta alboratuz, eta auzoaren erdigunean disfruterako oinezkoen espazioa sortuz".

Izan ere, Plan Berezian jasotako hobekuntza nagusietako batek zentraltasunarekin du zerikusia. Martuteneko pasealekua ikastolaren aurrean bulebarrizatzearen ondorioz, Marie Curie plaza oinezkoen pasealekuarekin bateratzen da, etxebizitza eraikinaren ondoan sortzen den plaza berriarekin batera, eta auzoari zentralitate berri bat ematen dio, falta zuena.

SEGURTASUNA

Segurtasuna ere aintzat hartu da planean. Horrela, Tranbia kaletik ibilgailuen zirkulazioa bideratzeko egungo 'chicane' modukoa kendu denez, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako eremu arriskutsu bat kendu da eta oinezkoentzako espazio seguru handi bat irabazi da Martutene pasealekuan.

Era berean, antolamendu berriak hiriko auzo berrien antzeko bizikidetza estandarra bermatuko dio Martuteneri, eta aisialdirako berdeguneak, jolasguneak dituzten plaza berriak, oinezkoentzako kaleak, bidegorria eta merkataritza lokal berriak (eraikin berriaren etxabeak) eta ekipamendua (gasolindegi eraikina) emango dizkio.

Gainera, bide trazadura berriak auzoaren trafikoa sinplifikatuko du, Tranbia kalean ibilgailuen ardatz nagusi bat sortuz, Pilarearen koloniaren trafikoa banatzen den biribilgunean amaitzen dena, eta Martuteneko pasealekua pilarearen aurrean geratzen da, barneko trafikorako bakarrik. Bide ardatz berri hori, auzoko ibilgailuen ardatz nagusia izan arren, trafiko motelekoa izango da (30 km/h), eta zebra bide goratuak eta Dbusen hiru geltoki izango ditu, trafikoa baretzeko.

Prozesua testuinguruan jarriz Idoia Graciak azaldu duenez, "Udal Gobernuak herritarren parte hartzean jarri du fokua, prozesuak, kanalak, espazioak eta elkarreragiteko modu berriak irekitzeko helburuarekin, hurbiltasunean, herritarrekiko harreman estuan, gardentasunean eta informazioaren kudeaketa demokratikoan oinarrituta".

"Horren adibide da Martutene auzoan herritarrek parte hartzeko egin den prozesua, non auzoko bizilagunek eta Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Hirigintza sailek parte hartu duten. Parte hartze prozesuak agerian uzten du, beste behin ere, herritarren eta udalen lankidetzaren garrantzia", esan du.

Contador

Contenido patrocinado