Permakulturari buruzko hitzaldi bat izango da asteartean Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 10 febrero 2014 13:56

DONOSTIA 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

Victor Barahona Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Eibarko (Gipuzkoa) Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakasle eta Permacultura Aralar proiektuaren sortzaileak permakulturari buruzko hitzaldi bat emango du astearte honetan, otsailaren 11n, arrratsaldeko 16:00etan, Eibarko ikastegian bertan. Sarrera librea izango da, EHUk jakinarazi duenez.

Permakultura paisaiaren eta pertsonen arteko integrazio harmonikoa da, janari, energia, babes eta bestelako premia ez materialei aurre egiteko baliabideak modu iraunkorrean hornituz. Erantzunak eta bideak bilatzen ditu planeta honetan bizimodu iraunkorragoa izateko, eta ekonomia, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, uren tratamendu naturala, gizarte harremanak edo komunitate garapena barne hartzen ditu.

Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari dira permakulturako proiektuak gauzatzen, eta garapen iraunkorraren "erakusle biziak" dira. Besteak beste, energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko sistemen erabilera bultzatzen dute proiektuok, horien eraginkortasuna agerian utziz.

"Horrek mundu mailan energia aurreztea ekarriko du, energia distantzia handietan garraiatzea baztertzen baita eta energiaren ikuspegitik askeak diren erabiltzaileak sortzen baitira, iraunkorrak eta epe ertainera amortizagarriak diren ereduak erabiliz, batez ere, kontuan izanda energiaren prezioak urtero igotzen direla" azaldu dute EHUtik.

Horrela, bada, energia mota horiek "gero eta erakargarriagoak dira", horien kostua murriztu egin baita energia gobernuaren diru laguntza gehigarririk gabe bideragarri egiteraino. Ondorioz, energia berriztagarrien enpresa berrien sorrera bultzatzen da, eta lan esparru horretan lan egiten duten biztanleen kopurua igo egiten da; izan ere, energia mota horietarako primarik egon ez arren, energia mota horiek norberaren kontsumorako erabiltzea aurrerapauso izugarria baita jasangarriagoa, eraginkorragoa, eta, askok uste dutenaren kontra, merkeagoa den energia eredu berri bat lortzeko.

Testuinguru horretan, ur bero sanitariorako eguzki energia termikoa, argindarra lortzeko eguzki energia fotovoltaikoa, energia mikroeolikoa, eta biomasatik eta biogasetik lortutako energia, sistema energetikoa iraunkor eta eraginkor egingo duten energia motak izango dira. Horrela, bada, biomasak orain arte baztertu diren baliabideak -esaterako, inausketen hondakinak- ustiatzeko aukera emango du, horiek bero energia bilakatzeko.

Biogasak, bestalde, ur beltzetatik ateratzen den eta sukaldean erabil daitekeen metano gasa lortzeko aukera ematen digu. Satsari, konpostagarria izanik, aprobetxamendu handiagoa ateratzen zaio; izan ere, satsari energia sortzeko duen gaitasuna atera ondoren, kalitate hobeko konposta sortzen baita bertatik prozesuaren bukaeran.

PERMACULTURA ARALAR

Astearteko hitzaldian, permakultura, nekazaritza birsortzailea eta HW librea (bereziki 3D inprimagailuak eta horiek energia berriztagarrietan duten aplikazioa) bezalako kontzeptuak aipatu eta azalduko dira, hainbat adibiderekin.

Horien guztien lotura Permacultura Aralar izeneko proiektuaren oinarria da. Bertan, teknika horiek aplikatzen dira eta eskala txikian lan egiten da, giza eskalan, lan hori ahalik eta gehien zabaltzeko helburuarekin. Proiektuaren historia, bilakaera eta filosofia azalduko dira, azpiegituren garapena nabarmenduz, horren barruan sartzen baitira energia berriztagarriak.

Victor Barahona Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakaslea da eta 22 urte eman ditu industriako sektore ezberdinetan lanean, horietatik 15 urte telekomunikazioetan. Nazio Batasuneko Habitat II goi bileran eta ASPOren V. Topaketan (Lisboa 2005) parte hartu zuen. 1986tik permakulturan sartuta, bere diseinuaren inguruan bi ikastaro ziurtatuak (PDC) egin ditu. Halaber, 2008 urtean Permacultura Aralar proiektua abian jarri zuen.

Contenido patrocinado