Philippe Etxegorrik Biarnoko euskaldunei buruz egin duen liburua aurkeztu da

Etxegorri eta Iriondo, liburuaren aurkezpenean
Foto: EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 abril 2013 18:40

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Philippe Etxegorriren "Biarnoko euskaldunak: historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean" liburua aurkeztu da ostiral honetan Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon.

   Aurkezpena Etxegorrik berak egin du, ondoan Asier Iriondo ZingiZango Legazpiko (Gipuzkoa) Euskara Elkarteko presidenteordea izan duela, liburua elkarte horrek argitaratu baitu.

   "Biarnoko euskaldunak historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean liburuak" Eskiula aldeko euskara eta testuinguru historiko eta soziala azaltzen du. Gainera, zubereraren ikasteko gida da, Biarnoko euskaldunen mintzairatik abiatuz.

   Liburuaren lehen sailak gizarteari lotutako argibideak biltzen ditu, hala nola historia, demografia, auzoak, etxaldeak eta hizkuntza-egoera. Bigarren sailak Eskiula aldeko euskara deskribatzen du gehienbat, euskalki zuberotarrean duen lekua erakutsiz, eta bertako erromantze gaskoiaren errealitatea ere azpimarratzen du.

   Philippe Etxegorrik aitaren aldetik familia osoa zuberotarra dauka. Bizkaian bizi da, baina ez ditu arbasoak ahantzi eta, familia jakintzatik abiatuz, hainbat azterlan argitaratu ditu: "Jeruntzeko üskara, ekialdeko euskara" (2003); "Mugako zuberotarrak" (2007); "Petit guide du souletin - Xiberotarrez jakin-beharrak" (2009).

   Bestalde, datorren apirilaren 20an, ZingiZango elkarteak antolaturik, kultur-ibilaldia egingo da Eskiula, Oloroe eta Maulera, Philippe Etxegorri gidari dela.

Contenido patrocinado