BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Atmosferaren poluzioaren eraginak zuzenean esperimentatzeko aukera ematen duen Michael Pinsky artista britainiarraren 'Pollution Pods' instalazioa eraman du BBK-k Barakaldora, banku fundazioa bezala ospatzen ari den 10. urteurreneko ekintzen artean, eta ingurumen jasangarritasunarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromiso irmoaren barruan.
Xabier Sagredo BBK-ko presidentea, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako arduraduna, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta artista bera izan dira ostiral honetan instalazioaren aurkezpenean.
Elkarkonektatutako bost kupula geodesikok osatutako lanak Tautra, Londres, New Delhi, Pekin eta Sao Pauloko airearen kalitatea birsortzen du, tenperaturan, hezetasunean, usainetan eta ozono, nitrogeno-dioxido, sufre-dioxido eta karbono-monoxidoaren mailetan izandako aldaketen bidez. Ibilbidea ingurune garbi eta fresko batean hasten da, Tautran (Norvegia), eta gero eta eremu kutsatuagoetara joaten da.
Poluzioaren kapsulak Climart nazioarteko ikerlanaren emaitza dira. Lau urteko proiektu horrek arteak krisi klimatikoaren pertzepzioan eta gizarte ekintzan zelan eragin dezakeen aztertu du, eta ingurumen arazoak eta horiek gure eguneroko bizitzan duten eragina sakonago ulertzea sustatu nahi du, artearen bidez.
Bada, Europako hainbat hiritik igaro ostean, 'Pollution Pods' Barakaldora iritsi da orain, eta Herriko plazan bisitatu ahal izango da ekainaren 22ra arte. Ondoren, Urdaibaiko BBK Klimara joango da, uztailaren 3tik abuztuaren 31ra.
Sarasolak adierazi du instalazioa herritarrak ingurumen erronketara hurbiltzeko modu berritzaile bat dela, "Bizkaiko eta gure planetako ingurumen jasangarritasunaren alde egiten dugun apustua irmoa delako, eta gaur egun babesteko hartzen ditugun ekintzen araberakoa izango delako etorkizuna".
"Fundazio moduan hamargarren urteurrena ospatzen ari garen urte honetan, gure lurraldearen garapen jasangarria bultzatzen jarraitu gura dugu, bizkaitarrengan eragina izango duten ekimenekin, adibidez, kontzientziak astintzen dituen eta planetarekin dugun harremana birpentsatzera behartzen gaituen esperientzia honekin", azaldu du.