BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Primeran euskarazko eta euskal edukien doako 'streaming' plataforma berria ostiraletik izango da ikusgai, irailaren 15etik. Euskal edukiak bermatu, hedatu eta denentzat eskuragarri jartzeko filosofiarekin jaio da plataforma, eta www.primeran.eus webgunean, SmartTV ezagunenetan eta Google Play eta iOS gailuetako sareko dendetan 'Primeran' hitza bilatuta egongo da eskuragarri, EITB Taldeak ohar bidez jakinarazi duenez.
Ia eduki guztiak euskaraz edo euskal azpidatziekin daude plataforma berrian, eta 3.000 atal baino gehiago izango dira bertan ikusgai, besteak beste, euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinema, dokumentalak, kirolak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak, baita plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.
Hala, irailaren 28an 'Itxaso' thriller telesaila estreinatuko du Primeran plataformak, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza protagonista dituen euskarazko fikzio berria. 'Porno belaunaldia' dokumental saila ere euskaraz izango da ikusgai aste honetan bertan, telebistan gazteleraz estreinatu baino astebete lehenago.
Film luzeen eskaintzan izango dira 'El vasco', 'Errementari', 'Nora' eta 'Ba zen behin Euskadin', besteak beste, eta nazioarteko telesailak ere ez dira faltako, euskarazko azpidatziekin, hala nola 'Crazy fun park', 'Non zinen?', 'Derby girl' edota 'Bila nazazu Paris'.
Halaber, 'Izaro: Limoiari Eztia' lana, 'Iribar, atezaina' dokumentala eta 'Ura Bere Bidean' musika ikuskizuna daude dokumental eta entretenimendu proposamenen artean, baita Primeran plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere, besteak beste, 'Itsatsita' euskal musikala; euskal ikasleek munduko toki ezberdinetan bizi dituzten esperientzien inguruko 'EH!rasmus' saioa; 'Baserritik Basamortura' dokumentala; 'Euskal Sukaldaritzaren Ezinbestekoak' lana eta 'Vaya Semanita: 20 urte'.
ERAGILEEN PARTE HARTZEA
EITB Taldetik nabarmendu dutenez, euskarazko kalitatezko edukiak dituen plataforma digitalik handiena izango da Primeran, eta euskal eta euskarazko ekoizpenera irekia egongo da. Horregatik, euskal sorkuntzari eta kulturgintzari lotutako edukietan interesa duten eragile guztien parte hartzea ere bilatzen du.
Euskal Filmategia bazkide nagusienen artean dago, eta Donostia Zinemaldian azken urteetan saritutako hainbat pelikularekin eta Tokikom tokiko komunikabideen elkartearen edukiekin ere abiatuko du ibilbidea plataformak.
Edonola ere, euskal eduki, kultura eta ekoizleei irekitako proiektua da eta, beraz, datozen hilabeteetan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak izango dira katalogoan. Etorkizunerako zuzenekoak ere aurreikusi dira.
Primeran plataforma berria mundura zabalduko duen komunikazio kanpainari lotuta, globo bat jaurtiki da espaziora asteazken honetan Gasteizko Plaza Berritik. Plataformaren aurkezpen kanpaina lantzeko irudiak grabatuko ditu globo horrek, bai eta plataformak euskarazko edukiak mundura zabalduko dituela sinbolizatu ere.
798718.1.260.149.20230913112737