BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Amane elkarteak 'Psikomotrizitatea eskola barruan: esperientzietatik etorkizunera' izeneko jardunaldia antolatuko dute ekainaren 3an Iruñean. Psikomotrizitatea praktika ikastetxeetan bultzatzea, proiektu desberdinak ezagutarazi eta alorreko espezialista, irakasle eta ikastetxeen sarea sortzen hastea izango ditu helburu. Maiatzaren 26ra arte eman daiteke izena www.ueu.eus helbidean.
Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa izan da asteazken honetan, eta Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak, Maider Itoiz Amane Elkarteko kideak eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak parte hartu dute.
Itoizek aipatu du jardunaldiak psikomotrizitateak haurtzaroaren garapenerako duen garrantzia azpimarratu nahi duela. Azaldu duenez, "praktika honek dituen onurak balioan jarriko ditugu, batez ere prebentzioaren aldetik dituen posibilitate sakonak aztertuz. Psikomotrizitate praktikak teoria, pedagogia konkretua eta metodo berezia dauka eta formakuntza egokia behar da behar bere osotasunean eskaini eta haurrentzat onuragarria izateko".
Beraz, jardunaldian psikomotrizitatearen praktika profesionalaren beharra azpimarratuko dute. Gainera, antolatzaileen nahia da "hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea, prebentzio mailan psikomotrizitateak dauzkan baliabideak ulertzea eta hortaz behar duen lekua eta garrantzia ematea hezkuntza arloan".
Itoizek adierazi du ikastetxe askotan psikomotrizitate gela badagoela, baina espezialistarik gabe: "Musika, gorputz heziketa eta ingeles klaseetan espezialista bat egoten da, baina psikomotrizitatea espezialistarik gabe egiten da. Orokorrean jolas eta mugimendu askearen garrantziaz ez gara jabetzen eta horregatik jardunaldiaren helburuetako bat psikomotrizitateak dituen sekretuak eta onurak ulertaraztea da alde batetik, eta prebentzio mailan eduki ditzakeen onurak ezagutaraztea bestetik".
Horrela, jardunaldian esperientziak entzungo dituzte, bi ikastetxek eta elkarte batek beren bizipenak kontatuko baitituzte: "Batetik, psikomotrizista espezialistak eskola barruan sartu eta prebentzio proiektu bat martxan jarri berri duen ikastetxea, eta bestetik, psikomotrizitate praktika hezkuntza mailan aurrera eramaten duena. Esperientziak eskaintzen dizkigun hausnarketetatik abiatuta gerora izan ditzakegun aukerak elkarrekin proiektatuko ditugu, gure haurrentzat beraien beharrak eta eskubideak asetzen dituen etorkizun aberatsago eta osoago bat eraikitzeko asmoz".
Itoizen esanetan, psikomotrizistei, irakasleei, ikasleei, zuzendariei, hezkuntza teknikariei, gurasoei, hezkuntza komunitatean parte hartzen duten guztiei eta, zehazki, pedagogia berrikuntzarekin konpromisoa duten pertsona guztiei zuzenduta dago jardunaldia.
TRINKOTZEA
Bestalde, Bengoetxeak UEUren 50 urteko ibilbidean euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzeak duen garrantzia azpimarratu du. "Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak partekatu eta aurrera egiteko, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun profesional eta adituak sakabanatuta egonda", nabarmendu du.
Horrez gain, UEUren zeregina jakintza alor desberdinetan dauden kezkak aztertu, eztabaidatu eta balizko irtenbideak ematea dela gogorarazi du. "Hori da hain zuzen ere gaur aurkezten dugun jardunaldiaren bokazioa, eta pozik gaude Amane elkartearekin abiatu dugun elkarlan honengatik", gaineratu du.
Halaber, jardunaldia Nafarroako Gobernuaren babesarekin antolatu dutela eta azken urteetan egiten ari diren "lankidetza emankorraren beste fruitu" bat dela azpimarratu du.
Ildo horretan, Kochek UEUk eta Nafarroako Gobernuak duten lankidetzaren xehetasunak eman ditu, eta azken urteotan izan duten elkarlana "emankorra" izaten ari dela nmabarmendu du. 2023ri dagokionez, 13 ikastaro eta bi jardunaldi antolatu dituzte eta jasotzen ari diren harrera "ezin hobea" izaten ari da.