PuntuEUS Fundazioak Jaurlaritzaren 32.000 euro jasoko ditu saltokien digitalizazioa gauzatzeko proiekturako

Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 27 mayo 2025 12:44

GASTEIZ 27 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak PuntuEUS Fundazioari 32.000 euroko diru laguntza zuzena ematea onartu du astearte honetan, Euskadiko saltokiak digitalizatzeko plan integral bat egiteko.

Jaurlaritzaren aerabera, planaren helburuak dira saltokiak ingurune digitalean finkatzea eta tokiko merkataritzaren irudia indartzea, "Euskadiko merkataritza sektore modernoa, berritzailea eta garai berrietara egokitutakoa izan dadin".

Era berean, diru laguntzaren xedeak dira EAEko saltokien digitalizazio maila aztertzea, saltoki horiek ingurune digitalean duten presentzia sustatzea eta webguneak sortzea erraztea ikasleekin eta tokiko elkarteekin lankidetzan.

Saltokiak digitalizatzeko plana lortzeko, proiektua ondo bereizitako hiru fasetan dago planifikatuta: EAEko merkataritzaren digitalizazio mailaren diagnostikoa, saltokien digitalizazioa sustatzea, eta komunikazio eta sentsibilizazio estrategia bat gauzatzea.

Lehen fasean datu base egituratu bat sortuko da, analisi automatikoko teknologien bidezko datu erauzketan oinarritua. Azterlanari esker, presentzia digitala duten saltokien kopurua, haien webguneetan erabilitako hizkuntzak, plataformen segurtasuna eta beste funtsezko adierazle batzuk identifikatu ahal izango dira.

Bigarren fasean proiektu pilotu bat ezarriko da Portugaleten eta Beasainen, Elgoibartik Mundura metodologian oinarrituta. Metodologia horretan, DBHko, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleek tokiko saltokiekin lan egien dute, tokiko elkarteen webguneak diseinatzeko eta egiteko.

Hirugarren eta azken fasean, berriz, marka estrategia bat sortuko da, identitate grafikoa sortu eta diseinatuko da, eta marka eta proiektua hedatzeko komunikazio plan bat aktibatu eta ezarriko da.

Programaren baitan, PuntuEUS Fundazioak honako hauek emango ditu: urtebeterako doako .eus domeinuak, saltokien webguneak hartzeko doako zerbitzariak, eta aholkularitza eta laguntza teknikoa, soluzio digitalak behar bezala ezartzen direla bermatzeko.

Contenido patrocinado