Rekalde-Ortzadar III. Komiki Lehiaketaren lan irabazleak daude ikusgai Bilboko Rekalde aretoan

Lehiaketako saridunak eta finalistak
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 22:04

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Piedad Ortiz de Urbina barakaldoarra eta Jon Mikel Udakiola hernaniarra dira Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketaren hirugarren edizioko irabazleak. Adur Larrea eta Pernan Goñi marrazkilariek osaturiko epaimahaiak saria jaso duten lanen kalitatea, orijinaltasuna eta oreka nabarmendu ditu. Lan irabazleak eta finalistak Bilboko Rekalde aretoan izango dira ikusgai abenduaren 8ra arte.

   Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok eman dizkie sariak bi irabazleei, sari nagusia partekatu baitute. Epaimahaiaren iritziz, istorio desberdinak, orijinalak eta kalitate handikoak aurkeztu dituzte irabazleek. Zehazki, saritutako lanak, Jon Mikel Udakiolaren (Hernani, 1965) "Txorimaloa" eta Piedad Ortiz de Urbinaren (Barakaldo, 1973) "Maitasun gozoa" izan dira.

   Finalistei dagokienez, David Sarasketaren (Arrigorriaga, 1975) "Lau zaldizkoak", Alai Zubimendiren (Hernani, 1976) "Fideltasuna" eta "Bilatzailea", Amaia Ballesterosen (Trapagaran, 1978) "Bildotsen bihotza" eta Ibon Sanchezen (Bilbo, 1984) eta Igor Vidaurrazagaren (Portugalete, 1989) "Amestu" izan dira.

   Sariak banatzeko ekitaldia Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Rekalde aretoan izan da, eta bertan erakusgai egongo dira, abenduaren 8ra arte, saria jasotako obrak zein finalistenak.

   Bestalde, aurtengo edizioan, Erein argitaletxearen "Ipurbeltz (1977-2008)" komikiarentzat izan da Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketaren ohorezko saria, Ipurbeltzen sustatzaile eta sortzaileek euskaraz argitaratzen zen komiki horren 31 urteko ibilbidean egindako lana aintzat hartuz.

   Azkenik, lehiaketa dela-eta antolatutako beste jardueren artean, tailer bat egingo da azaroaren 16an, Rekalde aretoan bertan. Adur Larrea eta Pernan Goñi marrazkilariak arduratuko dira ikastaro magistrala emateaz.