GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gasteizko Udalak akordioa erdietsi dute, Arabako hiriburuan alokairuko etxebizitza publikoa eraikitzea eta zaharberritzea babesteko. Akordioa hitzarmen batean jasoko dute, eta aurreikusten du Salburun 960 etxebizitza eraikitzea. Horrek ekarriko du Jaurlaritzak 130 milioi euroko inbertsioa egitea.
Hitzarmenak agiri bakarrean bilduko ditu hiriko alokairuko etxebizitza babestuaren arloko jarduketak: alde batetik, aurreko hitzarmenetan hartu ziren eta gauzatu gabe geratu ziren konpromisoak jasoko dira (543 etxebizitza) eta, bestetik, Gasteizko Udalak beste lurzoru batzuk dohainik utziko ditu beste 417 etxebizitza eraikitzeko.
Horrez gain, Gasteizko Udalaren jabetzakoak diren eta hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko proiektua jasoko da proiektuan, eta modu iraunkorrean Jaurlaritzaren gizarte alokairuko parkean sartzeko izango dira. Alde horretatik, akordioak barne hartzen du 62 etxebizitza sartu ahal izango direla alokairu babestuko programan, eta horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatuko da hitzarmenaren jarraipen batzordearen bidez.
Etxebizitza horien artean, Gasteizko Udalak hutsik dauden 15 etxebizitzako lehenengo multzo bat planteatuko du hitzarmena sinatu eta lehenengo sei hilabeteetan aipatutako baldintzak jarraituz ebaluatzeko.
Adostu den testuak orain hasiko du izapide administratiboa, eta %95eko hobaria barne hartzen du Eusko Jaurlaritzak Gasteizen alokairura bideratuta sustatzen dituen babes ofizialeko etxebizitzen ustapen guztietako Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergan.
Akordioaren bidez, bi erakundeen asmoa da merkatu arrunteko alokairuen prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei etxebizitza eskuratzen laguntzea eta hiritarren artean dagoen eskaerari erantzutea, gehiengo handi batek etxebizitza alokairuan eskatzen baitu (Etxebiden izena emanda dauden 9.371 pertsonen %90ek).
"AURRERAPAUSO HANDIA"
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak adierazi duenez, erdietsitako hitzarmena "aurrerapauso handia da gasteiztarrentzat eta, batez ere, etxebizitza eskuragarria eskatzen duten milaka pertsonarentzat". "Horien premiei hobeto erantzun ahal izango diegu Salburuan etxebizitza horiek eraikita", gaineratu du.
Arriola pozik agertu da Gasteizko Udalarekin lortutako akordioarekin, eta nabarmendu du erakundeen arteko lankidetza "ezinbestekoa" dela "gai sentiberei erantzun eraginkorra emateko, eta halaxe da etxebizitzarena".
Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, "Gasteiz beti egon izan da egoerak eskatzen zuen mailan etxebizitza babestuaren arloan, eta orain berriz egiaztatu du horrela dela, hitzarmen honek etxebizitza babestu berriak eraikitzea eta udal etxebizitzen parkea zaharberritzea bateratuko baititu. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak baliabide guztiak jarriko ditugu mahai gainean une honetan dagoen bizileku beharrari erantzuna emateko".