GASTEIZ 14 (EUROPA PRESS)
Stone Foundation talde ingelesak kontzertua eskainiko du Gasteizko Arkabia aretoan irailaren 12an, 'The Revival of Survival' azken diskoaren aurkezpen biran. Kontzertua pista formatuan izango da eta publikoa zutik egongo da, zenbakidun eserlekurik gabe.
Vital Fundaziotik jakinarazi duenez, 25 urteko ibilbidea du Stone Foundation taldeak eta Britainia Handiko soul garaikideko talde sendoenetakoa da egun. Funk, rhythm and blues eta soul ingelesaren tradiziotik abiatutako errepertorio propioa eraiki du bandak, "ikuspegi pertsonalekoa eta nostalgian erori gabe garatua".
'The Revival of Survival' azken diskoa "beste urrats bat" da bilakaera horretan. Taldeak alderdi dantzagarriago baterantz ireki du soinua, disko musika, funka eta pistako dantzarako orientazio argia baitu, nortasuna galdu gabe. Lanak, gainera, Mick Talbot (The Style Council), Omar, J.P. Bimeni eta Laville musikarien kolaborazioak ditu.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 euroan www.arkabia.eus webgunean eta aurrez aurre Arkabiak Foru Plazan duen egoitzan, egunero 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astearteetan izan ezik.