Teemu Nikkiren 'Death is a problem for the living' filmak irabazi du FANTen film luze onenaren saria

FANT 2025en irabazleak iragarri ditu epaimahaiak
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 9 mayo 2025 14:03

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Teemu Nikki zuzendari finlandiarraren 'Death is a problem for the living' filmak irabazi du Bilboko Udalak antolatzen duen FANT zinemaldi fantastikoaren 31. edizioko film luze onenaren saria.

Sail ofizialeko epaimahaiak baloratu du filmak ikustarazten duela "ez dagoela gaizki pelikulako gaiztoekin enpatizatzea, eta, horrek norbera oso deseroso sentiarazten duenez, barre egitea besterik ez zaigula geratzen".

Horrela adierazi dute ostiral honetan egindako agerraldian Diana Rojo, Justo Ezenarro eta Soy Una Pringada FANTen sail ofizialeko epaimahaikideek.

Film laburrei dagokienez, sail ofizialeko film labur onenaren saria Adrian Cacciolaren 'Game over' filmarentzat izan da, "eguneroko edozein errutinak gure hilketa instintuak askatu ditzakeela erakusteagatik".

Halaber, Cacciolaren proiektuak sail ofizialeko Europako fantasiazko film labur onenaren zilarrezko Melies saria irabaztea lortu du.

Gainera, Igor Salutregi Gabiolaren 'Presencia' izan da euskal film labur onena, "bitarteko handirik gabe erakusten duelako ideia on bat eta interpretazio natural bat besterik ez dela beharrezkoa istorio original bat lortzeko", epaimahaiaren arabera.

Era berean, Euskal Gidoigileak Elkartearen ustez, sail ofizialeko film luze baten gidoirik onenaren saria merezi duena Shannon Tripletten 'Desert road' filma izan da, "denbora begiztaren generoa modu berritzailean erabiltzen duelako".

Halaber, FAS Zineklub zuzendaritza berritzaileenaren saria Jeffrey St. Jules zuzendariarentzat izan da, 'The silent planet' filmagatik.

Orobat, Euskal Aktoreen Batasunak erabaki du 2025eko euskal film laburren arteko FANT interpretazio onenaren saria Eguzki Zubiari ematea, Daniel Alegreteren 'Una carroña' filmean egindako lanagatik.

Ikusleek Chito S. Roñoren 'Espantaho' filmari eman diote sail ofizialeko film onenarentzako publikoaren saria, eta sail ofizialeko film laburrei dagokienez, publikoak erabaki du irabazlea Daniel Alegreteren 'Una carroña' izatea. Gainera, sail ofizialeko film luze onenaren gazte epaimahaiaren saria Cris Tapia Marchiorren 'Gatillero' filmak lortu du.

PANORAMA FANTASTIKOA

Bestalde, Panorama Fantastikoa saileko epaimahaia Ainhoa Urgoitiak, Gigi Romerok eta Ivan Villamelek osatu dute, eta Miguel Azurmendiren 'Keratyna' filmari eman dio film luze onenaren saria.

"Pertsonaiaren eraikuntza nabarmena eta gidoi harrigarri eta entretenigarria dituen opera prima bat da, eskura zituen baliabideetara oso modu adimentsuan egokituz egina", azaldu dute epaimahaikideek.

Panorama Fantastikoa saileko film labur onenaren saria Tereza Kovandovaren 'Humanity' filmak eskuratu du, "bestearekiko enpatiarik gabeko gizarte deskonektatu bat islatzeagatik eta amaiera leherkor batera garamatzan erritmo batekin erakusteagatik, in crescendo dibertigarri batean".

Sail ofizialean zein Panorama Fantastikoa sailean saritutako lanak larunbatean proiektatuko dira, maiatzaren 10ean, BBK Salan.

Contenido patrocinado