Teknologiak hezkuntzan duen garrantziaz hausnartzen duen liburua argitaratu dute UEUk eta EHUk

Actualizado 2020/01/14 13:37:23 CET
Kepa Sarasola (goian eskuinean), liburuaren egileekin batera.
UEU

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 'IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan' izeneko liburua argitaratu dute. 2016-2017 ikasturtean bi erakundeek martxan jarritako graduondokoa dago liburuaren oinarrian, 32 adituk osatu dute eta teknologiak hezkuntzan duen garrantziaz hausnartzen du. Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo-Sagasta eta Abel Camacho arduradun eta irakasleek egin dituzte edizio lanak.

Liburua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute astearte honetan, Donostian, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak eta Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar eta Amaia Arroyo-Sagasta liburuaren editoreek.

Egileen ustez, irakaspraktikak teknologiaren beharra du eta orain da teknologiak eta hezkuntzak bat egiteko unea, ikuspuntu kritiko batetik. "Teknologiak berrikuntza ekarri behar dio hezkuntzari, batetik, ikaskuntzan egin beharreko atazak lagunduz edo hobetuz, hots, aurrez aurreko ikaskuntzako kalitatea hobetuz eta, bestetik, ikaskuntzari balio erantsia emanez, hau da, testuinguru digitalean zentzu gehiago duten atazak eta metodoak bultzatuz", azaldu dute.

Ikuspuntu kritikoa garatzeko, ondoko ezaugarri hauek izango lituzkeen hezkuntza irudikatu nahi izan dute liburuan, sareko irakaskuntza eta baliabide digitalak ere kontuan hartuz: inklusioa, ubikuotasuna, ikasmaterialen aniztasuna eta moldagarritasuna, arreta pertsonalizatua eta euskal curriculuma inplementatzeko aukera. Gainera, teknologiak dituen aukerak aipatzeaz gain, berekin dakartzan arriskuak ere kontuan izan dituzte.

Horien guztien bilgune, eztabaidagune eta ikergune izateko asmoz sortu zuten www.hezikt.eus webgunea eta EHUren 'HEZikt: IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan' graduondokoa, UEUren laguntzaz. "Orain, liburu hau ere bide horretan laguntzera dator: ikasle-irakasleen artean ikertzen duen komunitatea batu dugu liburu honetan, eta euskarak eta hiztun komunitateak behar dituzten tresnak, baliabideak eta metodologia interesgarriak aipatu eta aztertu ditugu", azaldu dute.

Liburu mardula izan arren irakurterraza dela adierazi dute, gaika antolatu baitaude bertako artikulu guztiak. Irakurleak hezkuntza eta teknologia arloko adituek idatzitako ideia interesgarri eta praktikoak aurkituko ditu bertan.

Contador
  • Lunes, 20 de
 

Lo más leído

  1. 1

    Lan istripuen ondoriozko 30 hildako izan ziren 2019an EAEn

  2. 2

    Bagera eta Donostiako Udala hasi dira lanean bigarren Euskaraldiaren antolakuntzan

  3. 3

    EAEko hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoek 3,4 milioi sarrera erregistratu dituzte 2019an, %3,6 gehiago

  4. 4

    Brian de Palmaren film berriaren aurretiko estreinaldia ostegunean Bilbon, Fant jaialdiaren eskutik

  5. 5

    Ekian eguzki parkeak urtean 15.000 familiaren elektrizitate premiak asetzeko beste energia sortuko du

La actualidad más visitada en EuropaPress logo: La actualidad más vista