Txillardegi, Karmele Esnal eta Josu Arenaza omendu ditu Euskaltzaindiak

Txillardegi, Esnal eta Arenaza izan dituzte gogoan
EUSKALTZAINDIA
Actualizado 2013/01/25 16:26:34 CET

DONOSTIA, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, ostiral honetan, urtarrilaren 25ean, joan den urtean hil diren euskaltzainak omentzeko: Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi", Karmele Esnal eta Josu Arenaza. Mahaiburuan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan da.

Ekitaldian zehar, musika izan dute lagun bertaratutakoek. Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek ere hartu dute parte omenaldian eta Bitoriano Gandiagak, Beñat Sarasolak eta Xabier Letek idatzitako poema musikatuak interpretatu dituzte. Nemesio Etxanizen eta Maurice Ravelen kanta bana ere jo dute.

Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" (1929-2012) euskaltzain urgazleari dagokionez, hilberri-txosten bana irakurri dute Jean Louis Davant euskaltzain osoak eta Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak. Karmele Esnal (1932-2012) ohorezko euskaltzainaren omenezko txostena Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurri du, eta Josu Arenaza (1930-2012) euskaltzain urgazlearen hilberri-txostena Xabier Kintana euskaltzain osoaren ardura izan da.