BILBO 1 (EUROPA PRESS)
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituak XIX. edizioa egingo du aurten, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesarekin, eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' egilearen 'Leturiaren egunkari ezkutua' obra irakurriko da Arriaga Antzokian ostegunean, ekainaren 4an.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, 1957. urtean argitaratua, 'Leturiaren egunkari ezkutua' da lehen euskal nobela modernoa, hainbat adituen arabera. Obrak berrikuntza handia ekarri zuen euskal literaturan, bai formaren aldetik bai gaien aldetik.
Nobela "bere giroko seme da" (Txillardegi bera, 1977ko hitzaurrean). Existentzialismoa zen garaiko korronte filosofiko-literario nagusia, eta eleberrian nabaria da testuinguru horren eragina. 'Leturiaren egunkari ezkutua', azken finean, munduan izateari (existentziari) buruzko gogoeta da eta, lehenbiziko aldiz, protagonista konplexu baten barne gatazkak jorratzen ditu.
Liburu honekin, Txillardegik sorkuntzarako zelai berria zabaldu zuen eta bidea urratu zuen ondoren etorri ziren idazle handientzat. Euskal literaturaren ibilbidean, hortaz, mugarria izan zen 'Leturiaren egunkari ezkutua', eta Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren XIX. edizioak ekarpen hori omendu nahi du.
Osteguneko ekitaldia Joseba Sarrionandia idazleak hasiko du 08:00etan, lanaren lehenengo lerroak irakurriz. Ondoren, 14:00ak arte, ehunka pertsona txandaka arituko dira Arriagako Foyerrean jarritako mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako ordezkariek parte hartuko dute, hala nola kultur eta gizarte eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakunde mota guztietako ordezkariek.
Besteak beste, Arriagatik pasatuko dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia edota herri elkarteetako ordezkariak, euskaltzainburuak, unibertsitateko errektoreak, hedabide, irakaskuntza eta sindikatuetako ordezkariak, ekonomista, abokatu eta ingeniarien kolegioetako partaideak eta beste asko.
Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira. Horri guztiari, antolakuntzan egongo diren beste 50 boluntario gehitu behar zaizkio.
Urtero bezala, Arriaga plazan pantaila erraldoia jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, metroaren Zazpikaleetako eta Abandoko geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egunotan.
BILBO ZAHARRA EUSKALTEGIA
Bilbo Zaharra euskaltegia "euskara ikasteko zentroa baino gehiago" izan da duela 50 urte baino gehiagoko sortu zenetik Bilboren bihotzean. Horren lekuko dira, besteak beste, Gorozikako barnetegia, 'Barra-barra' aldizkaria, euskara planak egiteko zerbitzua, itzulpen-zerbitzua edota Berbaldun taldea, baita Bilbo Zaharra Forum ere, "euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen erresonantzia kaxa eta eztabaidagune izan nahi duen elkarte edo topagunea".
Hor kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Jarraitua. Hasieratik helburu bikoitza izan du: batetik, euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigiatzea, eta, bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horregatik egiten da ikasturtearen amaieran, euskara ikasleen jaiaren erdigunean.