Txomin Juaristik eta Gotzon Martinek beste bi urte jarraituko dute Euskaltel-Euskadin

Txomin Juaristi eta Gotzon Martin
SPRINT CYCLING
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 30 octubre 2024 16:13

BILBO 30 (EUROPA PRESS)

Euskaltel-Euskadi taldeak Txomin Juaristi eta Gotzon Martin txirrindulari bizkaitarren kontratuak berritu ditu. Harrobiko bi txirrindulariak 2018tik daude egituran, Euskadi Fundazioak bere talde profesionala berriro abiarazi zuenetik, eta orain beste bi denboraldirako kontratua sinatu dute, 2025erako eta 2026rako, alegia.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak ziurtatu du Juartisti eta Martin "taldearen zutabeetako bi" direla, Euskadi Fundazioa profesionaletan berriro hasi zenetik baitaude taldean, "eta Gotzon lehenago".

"Horregatik, errepidean buruak izatea eta erantzukizuna emaitzekin hartzea eskatu diet, baina baita gazteei eta berriei irakastea ere. Eskarmentuko txirrindulariak dira jada, unea iritsi zaie. Ziur aski, aurten ez dute denboraldirik onena izan, baina espero dut haiek konturatzea gauzak ondo eginez hemen tokia dutela, maila duten bi txirrindulari direlako. Oso pozik gaude gurekin jarraitzen dutelako taldeari sendotasuna emateko", adierazi du.

Gotzon Martinen txirrindularitza ibilbidea Euskadi Fundazioari lotuta dago erabat Gela Pedagogikoko eskoletatik, ondoren Ugaon kadete eta junior mailako urteak emateko. 2015etik 2017ra amateurra izan zen Euskadi-EDP Fundazioan, 2018an egitura profesionalera igaro aurretik. Bere kontratu berritzearekin, hamarkada bat baino gehiago beteko du euskal txirrindularitzaren proiektuan. Taldeko erreferenteetako bat da, eta talde laranjak 2021ean, 2022an eta 2024an jokatu dituen Espainiako Vueltako hiru ekitaldietan izan da.

Martinek esan du "oso pozik" dagoela taldean beste bi urtez jarraitzeagatik. "Zazpigarren denboraldia izan dut profesionaletan, baina lehenago ere hiru urte egin nituen afizionatuetan Jorgerekin. Beraz, pozik eta harro nago talde honetan jarrai dezakedalako atzean dituen historia eta zaleekin. Espero dezagun datorren urtea urte ona izatea. Gauzak ondo egiten saiatuko gara horrela izan dadin. Nire helburuak, oro har, erregularra izatea, urte ona egitea hasieratik amaierara, eta lasterketa bakoitzean lehiakorra izatea izango dira", azaldu du.

TXOMIN JUARTISTI

Bestalde, Txomin Juaristi 2018tik dago taldean, Baquen trebatu ondoren, eta 2022tik, urrats esanguratsuak eman ditu elitean. 2024an, Espainiako Vueltan egin zuen debuta, eta seigarren izan Baionan; bosgarren izan zen erlojuaren aurkako Espainiako Txapelketan, eta bederatzigarren Burgosko Itzuliko erlojupekoan, 13. postua lortuz sailkapen nagusian.

Gainera, bere izaera borrokalaria erakutsi zuen ihes eginda Indurain Sari Nagusian edo Fleche Valona klasikoan, eta aurreneko garaipena iaz erdietsi zuen Portugalgo Itzulian, bigarren sailkatuta.

"Pozik nago bi urteko berritzearekin. Izan ere, beste bi urtez txirrindularitzan eta etxeko taldean jarraitzeak ilusio berezia egiten dit. Baditugu profesional urte batzuk eta aldaketak aldaketa pentsatzen dut erreferente moduan izango garela urte batzuk taldean ditugunok. Bestetik, puntuak direla-eta moldatu beharko gara, datorren urtean lehenengo hogeita hamarretan sartzeko helburua izango dugulako. Gogotsu nago holako helburua izatea polita delako ere eta horren bila joango gara", adierazi du.

Modu honetan, Euskaltel-Euskadik 19 txirrindulari ditu 2025erako: Jon Aberasturi, Jon Agirre (fitxaketa), Nicolas Alustiza, Xabier Berasategi (berritzea), Mikel Bizkarra (luzapena), Iker Bonillo, Víctor de la Parte, Marton Dina (fitxaketa), Ander Ganzabal (fitxaketa), Paul Hennequin (fitxaketa), Xabier Isasa, Txomin Juaristi (berritzea), Jordi Lopez (berritzea), Andoni Lopez de Abetxuko (berritzea), Gotzon Martin (berritzea), Iker Mintegi, Jokin Murguialday (fitxaketa), Louis Sutton (fitxaketa) eta Unai Zubeldia.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado