Udalak Aste Nagusi irisgarria bultzatuko du "Jaietan gozatu zuk ere!" leloarekin

Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 9 agosto 2025 16:28

BILBO 9 Ago. (EUROPA PRESS) -

"Jaietan gozatu zuk ere!" lelopean, Bilboko Udalak abuztuaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den Aste Nagusian pertsona guztiek aukera-berdintasunean gozatzeko eredu irisgarri eta inklusibo baten aldeko apustua egin du aurten ere.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, adibide esanguratsuenetako bat Txikigunea da, Casilda Iturrizar parkean dagoen umeentzako espazioa, abuztuaren 17tik 24ra. Jolaserako eta irudimenerako pentsatutako ingurune horrek dibertsitate funtzionala daukaten haurrentzat egokitutako jarduerak izango ditu, eta begiraleek desgaitasuna daukaten pertsonei arreta emateko prestakuntza eta berdintasunaren arloko prestakuntza izango dute.

Horien artean, premia bereziak dauzkaten pertsonek lehentasunezko sarbide-txartela izango dute, informazio-etxolan eskatu behar dena. Puntu horretan bertan, zeinu-hizkuntzako interpreteari buruz galde daiteke, eta hura eskuragarri egongo da behar duten familientzat. Era berean, ipuin-kontalaria egongo da, zeinu-hizkuntzako interpreteak lagunduta.

Abuztuaren 17tik abuztuaren 24ra, 19:30etik aurrera, zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da emanaldietan, hala behar izanez gero, entzuteko desgaitasuna daukaten pertsonek kulturara eskuratzeko modua izan dezaten.

Haur parkera hurbiltzen diren pertsona guztiek Aste Nagusiko bi pertsonaia sinbolikoz gozatzeko aukera izan dezaten, neurriak hartuko dira: Gargantuak arrapala bat dauka mugikortasun urriko umeentzat, eta Marijaiaren tamaina txikiko erreprodukzio berezia izango da, ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.

Gainera, Txikiguneak soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarteak ere izango ditu espektro autistaren nahasmendua (AEN) duten pertsonentzat. Abuztuaren 19an, asteartea, 16:30etik 20:00etara, eta abuztuaren 20an, asteazkena, 11:00etatik 14:30era izango dira tarteak. Ordu horietan giroa lasaiagoa izango da eta espazioaz erosoago gozatu ahal izango da.

Haurrentzako guneak lurzoru bereziak izango ditu ura edo lursail irregularra duten jarduera batzuetan, eta Txu-Txu trenean sartzeko arrapala eta haur-orgak eramateko espazioa egongo da.

Jaietan familientzako beste jarduera adierazgarri batzuek ere irisgarritasun-neurriak izango dituzte, Balearen Desfilearen kasua, adibidez. Berriro ere bidearen zati espezifiko bat erreserbatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean, desgaitasuna daukaten adingabeentzat.

Adingabeen erreferentziazko beste espazio bati dagokionez, Etxebarria parkeko jai-eremua, ahalik eta espaziorik inklusiboena izango da. Horretarako, soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarte batzuk ezarri dira, autistek barrakez gozatu ahal izan dezaten inolako kalterik gabe. Horrela, bada, abuztuaren 17an, 20an eta 22an, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.

Francis Díez Rojo musikariak Arriaga Antzokiko balkoitik irakurriko duen Pregoiak zeinu-hizkuntzako interpretea izango du. Musika ere irisgarria izango da. Abandoibarran, Enkarnazio elizan, Europako Parkean eta Plaza Barrian programatutako kontzertuetan, desgaitasuna daukaten pertsonentzat erreserbatutako eta behar bezala seinaleztatutako guneak prestatuko dira.

Gainera, aurretik ere egin izan den moduan, Bilboko Udalak komun egokituak instalatuko ditu jai-esparruko hainbat puntutan.

Programazioaren zabalkundeari dagokionez, Bilboko Udalak kartela eta programa ofiziala Braillez editatu ditu ikusteko zailtasunak dauzkaten pertsonentzat, eta eskuragarri daude Herritarrentzako Arreta Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Pérez Galdós 11), informazio turistikoko guneetan (Plaza Biribila eta Guggenheim Bilbao Museoa), Txikigunean eta Abandoko (Barrainkua) eta Zazpi Kaleetako (La Bolsa eraikina) udaltegietan.

"Aste Nagusia 2025" aplikazio mugikor ofiziala ere irakurketa errazteko arauen arabera diseinatu da. Ulermen-zailtasunak dauzkaten pertsonei egokituta dago eta jai-ekitaldi guztiak jasotzen ditu, bai eta eskuragarri dauden irisgarritasun-neurriak ere, erraz antzemateko moduko piktogramen bidez adierazita egongo direnak.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado