Udalbiltzak 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren bigarren edizioa abiatu du

'Geuretik Sortuak' Egitasmoaren Aurreko Edizioko Aurkezpena.
UDALBILTZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 octubre 2022 11:45

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Udalbiltzak 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan, aurrekoaren arrakastak bultzatuta eta hainbat hilabetez luzatu den prestaketa garai baten ostean. Horrela, euskaraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu duen ekimena 2023an eta 2024an zehar luzatuko ena.

Zinemagintzan, antzerkigintzan, literaturan eta, aurten lehen aldiz, komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako bekarako deialdia ostegun honetan egin du Udalbiltzak, eta buletin ofizialetan argitaratzen den unetik hilabete egongo da zabalik (epemuga laster jakinaraziko da, Udalbiltzaren gardentasun atalean).

Aurreneko edizioan bezala, aipatutako arte alorretako sortzaileek euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute, bertako errealitatean modu askean oinarrituta, herritarrekin harremanean, euskarazko sormen lan bat garatzeko.

Hautatua den sortzaile bakoitzari bi beka eskainiko zaizkio: bata lanaren sormen, garapen edota ekoizpenerako, eta bestea, ostera etorriko den hedapen fasean sortzaileek egingo dituzten aurkezpen emanaldien ordainsari gisa (emanaldi kopuruaren araberakoa). Bi beka hauez gain, egitasmoak sortzaileen egonaldiko dietak, ostatua eta garraio gastuak ere estaliko ditu.

Deialdian ez da edizio honetan parte hartuko duten udalerrien zerrenda argitaratuko. Bertara aurkezten diren sortzaileek beraiek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleitzeko balioespen batzordea osatuko da, behin deialdia amaituta.

Hautatu eta garatzen diren literatur lanak ipuin luzeak izango dira, eta, behin amaituta, lehenengo edizioan bezala, bilduma batean argitaratuko dira. Komikigintzarekin berdin egingo da, sortzen diren lanak bilduma batean argitaratuz; horrez gain, alor honetako lanen prozesua dokumentatuko duen erakusketa ibiltari bat antolatuko da.

Antzerki lanak bakoitza bere aldetik aurkeztuko dira emanaldi zirkuituan, eta, azkenik, zinemagintzaren arloan, lehengo urtean ez bezala, film laburrak ez dira film luze bakarrean ekoitziko, eta bakoitzak bizitza propioa izango du, batera aurkeztuko diren arren.

Sormen lanak amaituta entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artistek: ipuinen eta komikien kasuan, 2023ko irailaren 22a; antzezlanen kasuan, 2023ko azaroaren 24a; film laburren kasuan, 2023ko abenduaren 23a.

HEDAPEN ZIRKUITUA

Bestalde, 2024. urtean egingo den hedapen zirkuituak aurreko edizioarekiko ekarriko duen beste aldaketa bat esklusibotasun eza izango da. Zirkuituaren epemugen baitan, proiektuan parte hartuko duten udalerriak ez diren beste eremuetan aurkeztu ahal izango dute lana sortzaileek.

Beti ere, baldintza batzuk bete beharko dira kasu horietan: egitasmoan sartuta dauden udalerriei lehentasuna emango zaie egitaraua zehazteko, egonaldia egin den lekuan aurkeztu beharko da lehen aldiz sormen lana eta, antzerkiaren kasuan, ekimenetik kanpoko udalerrietan egiten diren aurkezpenetan %15ean handitu beharko dute katxeta.

Horrez gain, egitasmoaren bigarren edizioak hedapen fasean izango duen beste aldaketa batek zirkuituaren moldagarritasunean datza. Herri bakoitzak ez du zertan sortutako lan guztien emanaldiak hartu, bai ordea, sortutako lanen erdia gutxienez. Aukeraketaren arabera, zirkuitu moldagarri eta parekide bat sortuko da lan guztien artean.

Contenido patrocinado