UEMAk Salto! udalekuetan izena emateko epea ireki du

UEMAk Salto! udalekuetan izena emateko epea ireki du
UEMA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 3 marzo 2026 10:13

BILBO 3 (EUROPA PRESS)

UEMAk udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere, eta dagoeneko ireki du izena emateko epea, martxoaren 31ra arte, labur.eus/salto2026 web orrian.

UEMAk jakinarazi duenez, 2008 eta 2011 artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta bi txanda izango dira: ekainaren 23tik uztailaren 1era eta uztailaren 3tik 11ra. Azken urteetan bezala, ekimena ibiltaria izango da, eta, Markina-Xemeinen hasi eta, Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira gazteak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo, gazteen aisialdian ere eragin nahian. Izan ere, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan.

Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko 'Hedatu' hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean mankomunitateko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da xedea. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado