BILBO 9 Jun. (EUROPA PRESS) -
Udako Euskal Unibertsiteak (UEU) Udako Ikastaroen 50. urteurrena ospatzeko UEUfestak antolatzen darrai, eta Bilbon izango da hurrengoa, ostegun honetan, ekainaren 9an. Tokiko ikertzaile gazteen mikro-hitzaldiak, ikertzaile beteranoen aurkezpenak, musikak eta bertsoek jantziko dituzte ekitaldiok. UEUren komunitatea bildu, omendu eta ospatzea da helburua.
UEUk jakinarazi duenez, unibertsitate munduan askotan ekitaldiak oso seriotik egiten dira gauzak, eta, nahiz eta horrelakoak ere egin behar diren, "UEUren izaera gertukoa eta herrikoia islatzen duen zerbait" egin nahi izan dute, "elkartu, ospatu eta UEUko komunitatea omentzeko ekitaldi bat".
Horrela, nazio ikuspegia duen erakundea izanik, zenbait hiriburutan UEUfestak antolatu ditu, eta, Eibarren, Donostian eta Iruñean egin ondoren, oraingoan Bilboko Bira Kultura gunean egingo du, ostegun honetan, 18:00etatik aurrera, Koldo Garcia UEUko zuzendaritzako kideak eta Ainhoa Latatu UEUko graduondokoen arduradunak aurkeztuta.
Maite Luengo, Mikel Musatadi, Txerra Rodriguez, Jon Egaña, Naia Laka, Ainara San Juan eta Ines Erkizia ikertzaile gazteek eta Arantza Aldezabal ikertzaile beteranoak ere parte hartuko dute. Unai Iturriagak eta Jone Uriak bertsoz jantziko dute ekitaldia, eta UEUtonbola eta luntxa ere izango dira.
Hurrengo UEUfesta Gasteizko ZAS espazioan izango da, ekainaren 15ean, eta azkena Baionako Kalostrapekoan ospatuko da, hilaren 16an.