UEUk 23 ikastaro eta jardunaldi eskainiko ditu 49. Udako Ikastaroen baitan

UEUko 49. Udako Ikastaroen aurkezpena.
UEU
Actualizado: miércoles, 2 junio 2021 11:21

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Udako Ikastaroen 49. edizioa aurkeztu du asteazken honetan, Iruñean, koronabirusak baldintzatutako egoeran eta iazko bideari jarraiki. '#ElkarEkin' goiburupean egingo dira, ekainaren 25etik uztailaren 16ra, eta 23 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu UEUk Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil, Laudio eta Donostian.

Ikastaro eta jardunaldi guztiek 25 euro edo gutxiagoko prezio sinbolikoa izango dute, pandemia garaian ikastaroetara hurbiltzea errazteko helburuarekin. Herrigintza eta akademiari buruzko jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei, ekainaren 25ean, eta dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

Aurkezpenean parte hartu dute Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak.

Iciarrek eman ditu ikastaroei dagozkien xehetasunak. Azaldu duenez, pandemia garaian egonda, eskaintza "birmoldatu" behar izan dute. Horrela, ikastaro gutxiago izango dira, baina, halere, iaz baino gehiago, 23 jarduera antolatu baitira: 18 ikastaro eta bost jardunaldi. Egoitzak mantendu egin dira, hau da, Eibar, Baiona eta Iruñea, eta Donostia, Laudio eta Usurbilgo aukerak "elkarlanetik sortu dira".

'#ElkarEkin' leloari "zukua atera" diotela nabarmendu du, eta UEUko sailak, Bertsozale elkartea, Laboa katedra (EHU), Noaingo bataila elkartea, GEZKI (EHU), LAB-hezkuntza, HITT taldea (EHU), ALDEE, ASNABI, Bilketa (Baiona), EWKE, Agora elkartea, Iratzar Fundazioa, EEP, IKAS elkartea, Euskal Elkargoa, Hendaiako Herriko Etxea, Mintzalasai elkartea, Neiker, Aiaraldeko Ekintzen Faktoria, Bernat Etxepare Lizeoa, Katakrak, Jakin, Usurbilgo Udala, Tabakalera eta Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila (EHU) bidaideen "gogoa eta inplikazioa" azpimarratu ditu.

NEURRI BEREZIAK

Parte hartzea sustatzeko neurri bereziak hartu ditu UEUk. Horrela, ikastaro laburrak izango dira, gehienak egun bakarrekoak, eta talde txikiak eratuko dira, edukiera eta segurtasun neurriak jarraituz). Matrikula prezio berezia izango da: 25 euro edo gutxiago.

Gainera, ikastaroen atsedenean kafetxoa eskainiko diete partaideei, "ikastaroen alde informala oso garrantzitsua baita, ikastaro ezberdinetako partaideak ikusi, ikasle eta irakasleekin giro atseginean egon". Edonola ere, pandemia egoeragatik, gaur gaurkoz, ezin dute ziurtatu hori ematerik izango ote duten, eta ematekotan, txandaka eta talde txikitan banatuta izango da.

Anoeta, Eibar, Elgoibar, Erandio, Etxebarri, Gasteiz, Gernika-Lumo, Hondarribia, Legazpi, Oiartzun, Urretxu, Zestoa eta Zumarragako udalek eta Sakanako Mankomunitateak dirulaguntzak ematen dituzte Udako Ikastaroetara joateagatik.