Actualizado 20/03/2020 10:48 CET

UEUk Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra eskainiko du 2020-2021 ikasturtean, euskaraz eta sarean

Ordenadorean lanean
PIXABAY

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) euskaraz eta sarean eskainiko du Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zentro atxiki gisa, 2020-2021 ikasturtean. Ikasleen garapen alor ezberdinekin lotutako hiru espezialitate eskainiko dira: 'Giza eta Gizarte Zientziak', 'Hizkuntza eta Literatura', 'Natur Zientziak eta Matematika'. Izen-ematea ere sarean egingo da, apirilaren 1tik maiatzaren 25era, UEUk jakinarazi duenez.

Masterraren helburu nagusia da DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasle eta hizkuntzen irakasle izango direnak prestatzea, irakasle bezala beharko dituzten ezagutza eta konpetentzietan, beren bizitza profesionalean izango dituzten funtzioak modu ahalik eta eraginkorrenean betetzeko.

Sareko modalitate honetan, eskolak Ikasgela Birtualaren bidez emango dira, eta ikasketak burutu eta ebaluatzeko behar dituen tresna eta baliabide guztiak eskura izango ditu uneoro ikasleak. Gainera, online modalitateak Berrikuntza Ikasgelan hautazko ibilbidea eskainiko du: berrikuntza eta ikerkuntza ardatz dituen ibilbidea izango da, ikasleak aukeratutako hezkuntza zentroan burutuko duena modu praktikoan.