UEUren Natur Zientzien I. Topaketa naturaren inguruan lanean dabiltzan aditu eta naturazaleen elkargune izango da

Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 20:33
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Natur Zientziak Sailak eta EuskalNatura taldeak antolatuta, Natur Zientzien I. Topaketa egingo da Donostiako Eureka! Zientzia museoan azaroaren 9an eta 10ean. Bilkura honen helburua naturaren inguruan lanean dabiltzan aditu eta naturazaleen elkargune bat sortzea da, eta horretarako, gai eta partaideen artean diziplinartekotasuna eta dibertsitatea bilatu dute. Euskal Herri mailako alorreko aditu esanguratsuak bilduko ditu topaketak. Matrikula egiteko epoa azaroaren 1era arte egongo da zabalik.

   Aurkezpen prentsaurrekoa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin da, eta Karmele Artetxe UEUko zuzendariak, Antton Alberdi topaketaren koordinatzaileak eta Jose Ramon Etxebarria ingeniari eta zientzia dibulgatzaileak parte hartu dute.

   Artetxek azaldu du topaketa hau UEUren helburuen "adibide ezin hobea" dela, "nahiz eta gero eta gehiago izan, oraindik ez daudelako gune asko arlo akademiko konkretu batean elkarlanean aritzeko, are gutxiago esparru horretan euskaraz aritzen direnentzat".

   Horrela, hutsune eta behar horretaz jabetuta, UEUko Natur Zientziak sailak eta Euskalnatura taldeak jardunaldi hauek antolatu dituztela nabarmendu du, "profesional eta zaletu euskaldunek esparru bakoitzean sortzen diren kezka, iritzi eta gai desberdinak komunean jar ditzaten".

   Bestalde, Etxebarriaren esanetan, hizkuntza biziek hiztun-talde "bizi eta dinamikoak" behar dituzte arloan arloko gaiak hizkuntza horretan landu eta garatzeko, "arlo jakin batean hiztun-komunitaterik ez badago, arlo horretan hizkuntza garatu gabe geratuko delako, antzu".

   "UEUk antolaturiko Natur Zientzien I. Topaketa izenaz aurkezten dugun jardunaldi honek praktikan erakusten du hiztun-komunitate zientifiko euskalduna existitzen dela, txikia, baina duina. Ene ustez, funtsezkoa da horrelako komunitateak sortzea eta trinkotzea, gerora ere euskara bizi dadin. Euskara ezagutzea ez da nahikoa bizirik iraun dezan. Erabiltzean dago gakoa. Bizitzako arlo arruntetan eta egunerokoetan, baita zientzian ere. Hiztun-komunitateetan biziko da; edo fosil bihurtuko da. Horrexegatik da garrantzitsua topaketa hauek euskaraz egin ahal izatea, gerora ere bizirik iraungo badugu hiztun euskaldun gisa", azaldu du.

XEHETASUNAK

   Azkenik, Antton Alberdi topaketaren arduradunak bilkuraren xehetasunak eman ditu. Euskal Herrian naturari buruzko gaietan jende ugari dabilela lanean baina haien arteko harremana "oso txikia" dela jakinarazi du, "batipat estamentu ezberdinetako jendearen artean", hala nola unibertsitateko ikerlariak, natur taldeak, erakundeak, ikasleak edo norbanakoak.

   Hori dela eta, topaketaren helburu nagusia horien arteko "zubi-lana" egitea dela adierazi du Alberdik, "jendeak egiten duena gainerakoei erakutsi eta etorkizunean elkarlanak sustatzeko foro bat eraikitzea".

   "Jendearen parte hartzea sustatu nahi dugu posterren bitartez. Tarte dezente egongo dira jendearen lana ezagutu eta hitz egiteko, bi orduko poster-saioa edukiko dugu eta bazkaria ere baliatuko dugu elkar ezagutzeko. Hitzaldiak eta mahai-ingurua ere antzerako irizpidearekin antolatu ditugu, disziplinartekotasuna eta dibertsitatea aintzat hartuta", azaldu du.

   Gai beraren ikuspuntu ezberdinak topatzen saiatu direla esan du, bai eta erakunde zein elkarte ezberdinetako jendea ekartzen ere (EHU, AZTI-Tecnalia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Nafarroako Foru Gobernua, Arkamurka Natur Elkartea, URA agentzia, Gipuzkoako Entomologia Elkartea, IHOBE-EJ, CIC-nanoGUNE).

   Halaber, arlo ezberdinetako jendea ere bildu nahi izan dute, hala nola biologoak (gehiengoa), geologoak, kimikariak eta fisikariak. "Adibide moduan, larunbat arratsaldean antolatu dugun mahai ingurua jarriko nuke: 'Euskara natur zientzietan'. Bertan, hemen dugun Jose Ramon Etxebarriak, Txema Pitarkek, Juan Ignacio Perez Iglesiasek eta Eider Cartonek parte hartuko dute", gaineratu du.