Umeen testuinguru linguistikoan eragiteko 'Eusfera' ekimena abiatuko da astebete barru Euskal Herriko 100 bat herritan

'Eusfera' Ekimenaren Aurkezpena
TAUPA MUGIMENDUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 29 abril 2026 12:46

BILBO 29 (EUROPA PRESS)

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Eusfera ekimena egingo du maiatzaren 7tik 17ra bitartean Euskal Herriko 100 herri ingurutan haurren testuinguru linguistikoan eragiteko asmoz, "ume bakoitzaren unibertsoa euskaldunagoa izan dadin". Eskolatik kanpoko eremuetan zentratuko da ekimena, eta eremu ezberdinetan euskararen mesedetan pausoak emateko baliabideak, tresnak eta espazioak eskainiko dizkie gurasoei.

Ekimenaren xehetasunak emateko asteazken honetan Bilboko Euskararen Etxean egindako agerraldian, Uxue Izko Berastegi Taupako kide eta ekimenaren koordinatzaileak mugimenduaren egiteko nagusiei "bide ematen dien ekimen gisa" aurkeztu du 'Eusfera'. "Taupan argi dugu gure helburu nagusia euskararen erabilera sendotzea eta horretarako aukerak eskaintzea dela. Eta euskara gero eta gehiago erabiltze aldera, ezinbestekoa dugu gizarte aktibazioa", azaldu du.

Bada, testuinguru horretan sortu da 'Eusfera', 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak aktibatzeko eta, haiekin elkarlanean, haurren inguruan euskarak presentzia gehiago izatea bilatzeko. Izan ere, hezkuntza eragileekin eta euskaltzaleekin izandako harremanetan kezka partekatu bat identifikatu dute Taupan, alegia, gero eta gehiago nabaritzen dela erderek haurren unibertsoetan duten presentzia eta eragina handitzen ari dela, bereziki eskolatik kanpoko eremuetan, hala nola, aisialdian, telebistan edo pantailen erabileran.

Kezka horri erantzunez, 'Eusfera' ekimenak euskara erabiltzeko baliabideak eta urratsak emateko bideak proposatuko dizkie familiei. Gainera, guraso guztientzat "ateak zabalik" izatea azpimarratu dute, haurren unibertsoa euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guztiek parte har dezaketelako, euskaraz jakin ala ez.

Horrela, maiatzaren 7tik 17ra, familiek bi modu nagusi izango dituzte ekimenean murgiltzeko. Alde batetik, etxean etxekoekin egiteko "misioak" edo proposamenak egongo dira. Misio horiek haurren unibertsoa osatzen duten zortzi "planetetan" banatuta daude, eta familia bakoitzak bere ezaugarrietara egokitutako erronkak jasoko ditu ekimenaren webguneko galdetegi labur bat beteta. "Misio" horiek eskuragarri egongo dira Euskal Herri osoko gurasoentzat.

Beste alde batetik, 'Euspazioak' egongo dira, hau da, herriz herri antolatuko diren eta euskaraz hitz egiteko aproposak diren familientzako elkarguneak. Aisialdiari lotutako proposamen dibertigarriak eta gozagarriak izango dira, herri bakoitzak bere errealitatera moldatuta antolatuko dituenak.

Dagoeneko Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroako eta Nafarroa Behereko 100 udalerri, auzo eta kuadrilla inguruk bat egin dute, eta antolatzaileek herrietako deialdietara adi egoteko eskatu dute. "Parte hartuko duten herrien zerrenda jada 'Eusfera'-ren webgunean, Gurasoen txokoan, dago, eta 'Euspazio'-en berri ere bertan emango dugu, data hurbildu ahala", azaldu du Izkok.

KOMUNITATEA

Ekimena tokian toki antolatzen ari diren taldeen izenean, Getxoko (Bizkaia) Egizu euskara elkarteko Fabio Perez Lasso de la Vegak hartu du hitza, eta nabarmendu du euskararen erabilera sustatzea ez dela soilik eskolaren edo erakundeen ardura, komunitate osoarena baizik.

"'Eusfera' bezalako ekimenak beharrezkoak direla iruditzen zaigu. Ez dira soluzio magikoak, baina bai bidean aurrera egiteko tresna eraginkorrak. Garrantzitsuena da mugimendua sortzen dutela, kontzientzia pizten dutela eta jendea aktibatzen dutela", adierazi du.

Orobat, gurasoak umeen erreferente nagusietakoak direnez gero, etxean sortzen diren ohiturek hizkuntza erabileran duten pisuaz ohartarazi du, ilusioa pizteko gaitasuna ere baduen ekimen honen balioa azpimarratuz.

Ikuspegi horrekin bat egin du Jon Txarroalde Antolin guraso parte hartzaileak. Arrigorriagako (Bizkaia) errealitatetik abiatuta, gogorarazi du haurren unibertsoa eskola baino askoz zabalagoa dela eta euskara biziarazteko sare bat eraikitzeko premia dagoela.

"Askotan, euskaraz gehiago eta hobeto bizi nahi dugun arren, ez dakigu nola egin, edo oztopoak aurkitzen ditugu bidean. Eusferak aukera ematen digu pausotxo bat emateko komunitate gisa, gure auzo eta herrietan", nabarmendu du.

Azkenik, argi utzi du haurrek ikusten dutena imitatzen dutela, eta gurasoen esku dagoela euskara hizkuntza baliagarria eta naturala dela transmititzea eredu emanez bai erabilerari dagokionean, baita hizkuntzaren aurrean daukagun jarreraren inguruan ere.

Contador

Contenido patrocinado