URAk eta Lezamako Udalak Asua ibaia zaharberrituko dute herrigunetik igarotzen den tartean

URAk eta Lezamako Udalak Asua ibaia zaharberrituko dute herrigunetik igarotzen den tartean
IREKIA
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 11 marzo 2026 11:16

BILBO 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA Uraren Euskal Agentziak eta Lezamako Udalak (Bizkaia) Asua ibaia herrigunetik igarotzen den tartean hidraulika eta ingurumena egokitzeko proiektu integral bat gauzatzea erabaki dute, eta, bi erakundeen arteko hitzarmenari esker, obrak egingo dira ibaiaren egoera hobetzeko eta herriaren erdigunean uholde arriskua murrizteko.

Jarduketaren xede den tarteak 250 metro inguruko luzera du; gaur egun, eremu antropizatuak edo estaliak daude, eta horien ahalmen hidraulikoa ez da nahikoa. Aurreikusitako esku hartzearekin, lehendik dagoen lurpeko kanalizazioa kenduko da, eta aire zabaleko ibilgu berri bat egingo, ibai ekosistemaren funtzionamendua eta ibaiak herrigunean duen paisaia integrazioa hobetuz.

Proiektuak, besteak beste, honako jarduera hauek biltzen ditu: ubidearen estaldura kentzea; Asua ibaiaren ardatzaren trazadura berria 59 eta 67 atarietarako sarbideen artean; tartearen ingurumen egokitzapena; ingurua berrurbanizatzea, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat; uraren eta ingurumenaren hobekuntza ibaian gora, Garaioltza auzoraino; eragindako zerbitzuak berrezartzea.

Jarduerari esker, "Lezamako herritarrek ibaiaren zati naturalizatuago bat berreskuratu ahal izango dute, ura husteko gaitasun handiagoarekin eta udalerriko hiri-bilbea hobeto integratuta", adierazi du URAko zuzendari nagusi Asier Lopez Etxebarriak.

Era berean, Lezamako alkate Jon Ander Aurrekoetxeak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari eta URAri proiektuan parte hartzeagatik. "Denbora daramagu elkarrekin lanean obra hauek aurrera ateratzeko, eta laster hasiko gara horien fruituak ikusten", esan du.

Lanek 2.000.000 euroko aurrekontua dute (BEZ barne), eta 12 hilabeteko epea, gutxi gorabehera. URAk bere gain hartuko ditu proiektuaren idazketa eta onarpena, obren kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapen teknikoa, eta jarduketaren finantzaketa osoa.

Lezamako Udalak, bere aldetik, proiektua idazten lagunduko du, beharrezkoak diren lursailak eskuragarri jarriko dizkio URAri eta jarduketak amaitutakoan horien kudeaketa eta mantenimendua bere gain hartuko du.

Contador

Contenido patrocinado