BILBO 30 Jun. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Kafe Antzokiak zuzeneko musika egitarau "interesgarri eta zabala" osatu du 2010eko Aste Nagusirako. Txupinaren bezperan hasiko dira kontzertuak, aurtengo programazioa abuztuaren 20an New York Ska Jazz Ensemble taldeak zabalduko baitu. Gainera, Vinila Von Bismarck, Las Culebras, We Are Standard, Zarama edo The Cherry Boppers bezalako taldeak ere igaroko dira Kafe Antzokiko agertokitik, areto bilbotarreko arduradunek gaur adierazi dutenez.
Aipatu bezala, egitaraua hasteko ardura New York Ska Jazz Ensemble taldeak izango du, abuztuaren 20an. Jarraitzaile askoko taldeak ska, rocksteady eta jazz doinuen berezko nahasketa egiten du. Hirian bisitari asko ibili ohi dira Aste Nagusia hasi aurretik, eta horregatik, egun horretan zuzeneko musika ikusteko beste alternatibarik izaten ez denez sortu da kontzertua ematearen ideia.
Abuztuaren 21ean emakumezkoek egindako rocka protagonista izango da. Batetik, Vinila Von Bismark Lucky Dados bere talde berriarekin ariko da. Pin-up modelo eta burlesque generoko artistak "The Secret Carnival" disko berria aurkeztuko du. Bere emanaldiak ikusgarriak dira, rock'n'roll, swing eta calypso nahaste berezia, gerra tarteko doinuak eta mende hasierako inauteri zirkokoak bilduz. Las Culebras taldeak ere joko, zeresana ematen ari diren Nafarroako lau neska rockzale.
Abuztuaren 25ean doinu bero eta retroak izango dira Kafe Antzokian Bilboko The Cherry Boppers eta Kataluniako The Pepper Pots taldeekin. Lehenengoek ibilbide bikaina egin dute Europako hainbat areto eta jaialditan, funk eta soul erritmo alai eta dantzagarriekin. Katalanak, berriz, rocksteady, ska, eta soul egiten duten hamar lagun dira.
Dantzak jarraituko du abuztuaren 26an, We Are Standard taldea izango baita Bilboko Kafe Antzokian. Getxoztarrek nahasketa berriak dakartzan diskoa argitaratu berri dute. Haiekin Basauriko Simca taldea arituko da, rock riff-ez hornitutako power pop doinuekin. Hamar urteko ibilibidea burutuko dute laster.
Azkenik, ostiralean, abuztuaren 27an Zarama izango da taula gainean. Roberto Moso buru duen taldea iaz agertu zen berriro eszenatokietan, denboraldi luzea isilik egon ostean. 1980ko hamarkadaren hasieran euskaraz kantatzen zuen Bizkaiko rock talderik garrantzitsuena osatu zuten santurtziarrek.
Aurtengo Aste Nagusiko egitarauko kontzertuetarako sarrerak salgai daude jada Kafe Antzokian bertan eta www.kafeantzokia.com webgunean 10 euroko salneurrian. Emanaldi guztiak gaueko 22:00etan hasiko dira.
EKARPEN POSITIBOA
Bilboko Kafe Antzokiko arduradunen arabera, azken hiru urteotako programazioaren balorazioa "oso positiboa da", Kafe Antzokia Aste Nagusiko "musika erreferentzia nagusietakoa" bilakatu baita.
"Ahalegin handia eginez programazio hau osatzen dugu, bertoko zein nazioarteko artistak ekarriz, jaietan ere musikazaleek Bilboko erdigunean eta aretoaren aterpean kontzertuez gozatu ahal izan dezaten. Ekimen honek inguruetako bisitari asko erakartzen ditu urtetik urtera", adierazi dute.
Azken hiru urteotan Kafe Antzokitik hainbat artista igaro dira Aste Nagusian, hala nola The International Noise Conspiracy, Neville Staple (Specials), Delorean, Standstill, Lisabö, Facto de La Fe y Las Flores Azules, The Pretty Things, Ray Gelato, Morodo, Randy Weston, The Cynics, Michael Rose (Black Uhuru), Grupo de Expertos Sol y Nieve, Zebrahead, Lagartija Nick eta Ama Say.