DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)
Xabier Etxeberria Mauleon pentsalari etiko eta ekintzaile sozialak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien 2025eko Saria, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Zientzian, irakaskuntzan eta arlo zibikoan jasotako ezagutza, indarkeriaren biktimak aitortzeko konpromiso aktiboa, Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen defentsa eta desgaitasun intelektuala duten pertsonei emandako babesa baloratu ditu epaimahaiak saria ematea erabakitzean.
Humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte zientzien alorretako curriculumik onenak bereizten ditu 1995etik Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariak. Sariduna aukeratzeko zereginetan, bi erakunde antolatzaileekin batera, Eusko Ikaskuntzaren geografia eremuko zazpi unibertsitateetako eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ordezkariek hartzen dute parte.
Arroitzen (Nafarroa) jaio zen Xabier Etxeberria Mauleon, 1944an. Filosofian doktorea eta katedradun emeritua da Deustuko Unibertsitatean, eta Etika Filosofikoa, Lanbide Juridikoen Etika, Antropologiaren Etika eta Gizarte Lanaren Etika landu ditu irakasle ibilbidean.
"Ibilbide luze, emankor eta sakoneko" pentsalari eta ekintzaile soziala izanik, "identitate kolektiboak etikaren eta giza eskubideen ikuspegitik ulertzeko ahaleginen emaitza" dira bere gogoeta asko eta irakaskuntza eta dibulgazio lana. Nabarmena izan da Pedro Arrupe Institutuaren bidez Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen alde egin duen lana.
Bakearen eta indarkeriarik ezaren aldeko militantea izan da gaztetatik, eta gogotsu aritu da Euskal Herriko indarkeriaren biktimen bidegabeko sufrimenduaren aitortzan oinarritutako elkarrizketa eta adiskidetza sustatzen.
Halaber, Xabier Etxeberria Mauleonek buru-belarri jardu duen beste kolektibo bat adimen eta garapen desgaitasuna duten pertsonena da.
ARRAZOIAK
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren epaimahaiaren aburuz, bi arrazoi daude Xabier Etxeberria Mauleonen curriculuma nabarmentzeko. Alde batetik, gizarte plural eta, askotan, gatazkatsuen arazo etikoei heltzeko gogoeta sakontasuna, zorroztasun intelektuala eta kalitate morala nabarmendu ditu.
Beste alde batetik, justizia sozialaren, giza eskubideen eta pertsona kalteberen (komunitate baztertuen edo gutxiengo desgaituen) bizi baldintzen aldeko konpromiso zibikoa goraipatu du, hurbilketa teorikoetan zein balio ukaezina duten ekimen praktikoetan islatu dena.
"Bere hausnarketekin eta konpromiso aktiboarekin, Etxeberria Mauleon doktoreak biktimen zentraltasuna onartzen lagundu dio euskal gizarteari, eta, ondorioz, biktimak eta biktimarioak elkartzeko eta adiskidetzeko politika publikoak diseinatu dira -eta gizartea sentsibilizatzeko planekin osatu-", azadu dute.
Ildo horretan, gaineratu duenez, "ez da gehiegizkoa esatea benetako erreferentzia moral eta teorikoa izan dela Euskal Herrian bizikidetza berrezartzeko bide luzean".