Xian Martínez koreografoak bi hileko sorkuntza egonaldia egingo du Montrealen

Archivo - Xian Martínez
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 4 enero 2022 14:11

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Xian Martínez dantzari eta koreografoak bi hilabeteko sorkuntza egonaldia egingo du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan (EDCM, frantsesezko sigletan), bertan goi mailako dantza ikasketak amaitzen ari diren 23 dantzarirekin elkarlanean, 'Saison Québec-Pays Basque 2021-2022' aldebiko egitasmoaren baitan.

Hain zuzen, pandemiagatik hainbat aldiz atzeratu ostean, urtarrilaren 11tik martxoaren 11ra bitarte ariko da Martínez 'Yellow Lemon' proiektua garatzen, eta egindako lanaren emaitza maiatzean aurkeztuko dute Montrealen, egitasmoa sustatzen duen Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Galiziarra sortzez, Martinezek hainbat urte daramatza Gipuzkoan errotuta. Dantzazen bidez iritsi zen Euskal Herrira, eta gaur egun zenbait proiektu ditu martxan sortzaile gisa, hala nola 'Pioneras', berdintasunaren aldeko borrokan aitzindari izan ziren emakumeak omentzen dituen lana, eta 'Non zira', gizaki izateaz hitz egiten duen sorkuntza.

Bere hitzetan, Montrealen garatuko duen 'Yellow Lemon' proiektua "hondartzetan gertatzen da, lehen eta hirugarren munduko hondartzetan. Hori kolorearen bidez joango naiz lotzen bataren eta bestearen artean dauden aldeak, bateko pilota edota toallek topo egingo dute besteko salbamendurako txaleko eta itsasontzien horiarekin".

Egitasmoa Quebeceko eta Euskadiko hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Egonaldia burutzeko deialdia Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Conseil des Arts et des Lettres erakundeak (CALQ) egin dute, Gipuzkoako Dantzagunearekin batera. Horrez gain, Dantzaz, Tabakalera eta Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolak (EDCM) hartzen dute parte.

'Saison Québec-Pays Basque' bi norabideko proiektuaren barruan egingo da egitasmoa. Hala, Bettina Szabo quebectarra bi hilabetez ariko da lanean Euskal Herrian Dantzaz-eko dantzariekin: urtarrilaren 17tik 30era Tabakaleran eta urtarrilaren 31tik otsailaren 25era Gipuzkoako Dantzagunean. Egonaldiaren emaitza Errenteriako Niessen aretoan eta Tabakaleran aurkeztuko da martxoan.

Egonaldi programaren helburu nagusiak dira artisten garapen profesionala sustatzea eta beren lana hedatzea, artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea, euskal eta quebectar sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea, euskal artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

SAISON QUÉBEC-PAYS BASQUE

Joan-etorriko izaera duen 'Saison Québec-Pays Basque 2021-2022' programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea.

Kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko proposamenak eskaintzen ditu ekimenak. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza eta artista, sortzaile eta kultur industrien harremana sustatzen da.

2021. urtean zehar, zinema zikloak, kontzertuak, literatura ekimenak eta kongresu akademiko bat egin dira, besteak beste, eta 2022an jarraipena izango du programak, begirada arte eszenikoetan jarrita.

Contenido patrocinado