BILBO 29 Sep. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak martxan jarritako Zinema Euskaraz programak aurrera darrai, eta bihartik aurrera, "Hiru Mosketariak" pelikula ikusi ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinema-aretoetan.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua filmaren estreinaldian izango da bihar, irailaren 30ean, arratsaldeko 17:30etan, Gasteizko Florida zinema-aretoan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik iragarri dutenez.
Alejandro Dumasen eleberri klasikoaren moldaketa berria Paul W.S. Andersonen eskutik dator, eta bihartik aurrera Bilboko Multis, Gasteizko FLorida, Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen eta Iruñeko Itaroa zinema-aretoetan ikusi ahal izango da. "Hiru Mosketariak" filmak aktore ospetsu ugari ditu, hala nola Milla Jovovich (Milady), Orlando Bloom (Buckinghameko Dukea) edo Christoph Waltz (Richelieu Kardinala).
Zinema Euskaraz programaren helburua herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera ematea da, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatuz.
Helburu hau garatzeko, programak bost jarduera jarri ditu martxan adin guztietako ikusleei zinema euskaraz ikusteko aukera emateko: zine-aretoetako estreinaldiak, DVDen salmenta, interneteko streaming-a, udalerrietako zine-aretoak eta eskolak.
EAEko hiru hiriburuetako zine-aretoetan ikusgai dauden pelikulak eskaera egiten duten euskal udalerrietan ere ikusi ahal izango dira. Film hauek gazteleraz eta euskaraz heltzen dira aldi berean zirkuito-komertzialetara. Hiriburuetan estreinatu eta gero, udalerriek film hauek eskuragai dituzte beren herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera bermatzeko eta euskararen erabilera kulturala eta soziala bultzatzeko. Aurreko urteetan bezala, harrera ona izaten ari den ekimena da hau.