'Joker' izango da Zinemaldiko film sorpresa eta larunbatean emango dute, Victoria Eugenian

- WARNER BROS.

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 24 septiembre 2019 12:49

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiak film sorpresa eskaintzeko ohitura zaharra berreskuratu du 67. edizioan, eta Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi berri duen 'Joker' filma eskainiko du datorren larunbatean, irailaren 28an, Zinemaldiaren azken egunean. Victoria Eugenia antzokian emango den film sorpresarako sarrerak hilaren 15ean jarri ziren salgai.

Gainera, proiekzioak aldi berean izango dira estatuko bost hiritan, 18:00etan: Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza eta Sevillan. Donostia Zinemaldiak eta Warner Bros. Pictures España-k zinema areto hauek aukeratu dituzte pelikula emateko: Cine Yelmo Luxury Palafox (Madril), Cinesa La Maquinista (Bartzelona), Kinépolis Valencia, Cines Aragonia (Zaragoza) eta Cine Cervantes (Sevilla). Sarrerak astearte honetan jarri dira salgai leku horietan guztietan, 12:00etan.

'Joker' urriaren 4an estreinatuko da zinema aretoetan. Todd Phillips zinemagileak zuzendu, idatzi eta ekoitzitako filmean bere ikuspuntu pertsonala eman dio DC Comics etxeko pertsonaia zitalari, eta istorioak oso modu originalean jaso du haren mitologia tradizionala. Zuzendariaren iritziz, gauza ororen gainetik, Gothameko hautsitako gizartean bere lekua aurkitzeko borrokan ari den gizona da Arthur Fleck, Joaquin Phoenix aktoreak maisuki hezurmamitu duen pertsonaia.

Oscar sarietako hiru aldiz hautagai izan den Phoenixek protagonistaren rola egiten du, Oscar saria irabazi duen Robert De Nirorekin batera. Besteak beste, Zazie Beetz, Frances Conroy, Brett Cullen, Glenn Fleshler, Bill Camp, Shea Whigham, Marc Maron, Douglas Hodge, Josh Pais eta Leigh Gill aktoreak ere agertzen dira filmean.

Todd Phillipsek DC Comics-eko pertsonaiak hartu ditu oinarri gisa Scott Silver gidoilariarekin batera pelikula idazteko. Phillipsek berak eta Bradley Cooperrek ekoitzi dute filma Joint Effort etxean, eta Emma Tillinger Koskoffek ere ekoizpen lanak egin ditu.

Artículos Relacionados

Contenido patrocinado