BILBO 4 (EUROPA PRESS)
Zirimola ikastolen aisialdi taldeak uda honetarako euskarazko aisialdi eskaintza "zabalago eta bidezkoagoa" aurkeztu du, plaza gehiago eskainiz eta beka sistema propioa lehen aldiz martxan jarriz. Helburua da haur eta gaztetxoek, egoera ekonomikoa edozein dela ere, euskaraz biziko diren uda esperientziak eskuragarri izatea, euskararen biziberritzean jauzia emateko aisialdia ere lehentasunezko eremu gisa kokatuz.
Ikastolen Elkartetik jakinarazi dutenez, euskararen egoerak "neurri ausartak" eskatzen ditu, eta Zirimolak "pauso sendoa" emango du udan bere aisialdi eskaintzarako euskarazko plaza kopurua nabarmen haziz.
Zehazki, iaz eskainitako 1.200 plazatik 1.680 plazara egingo du jauzi, euskarazko eskaintza %40 haziz, "aisialdia funtsezko eremu hezitzailea delako, eskolatik kanpo ere nume eta gaztetxoen eguneroko ohiturak eta harreman sareak euskaraz eraikitzen diren ala ez baldintzatzen duena".
Zirimolaren udako egitasmoetan programazio osoa euskaraz garatzen da -udaleku irekiak, egonaldiak, kirol jarduerak, gazte egonaldi eta topaketak eta abar-, "aisialdi hezitzaile, inklusibo eta euskalduna bermatzeko". "Plaza kopurua handitzea ez da eskaintza kuantitatiboa soilik: ikastolen mugimenduak haur eta gazteen aisialdia ere euskararen normalizazio prozesuaren ardatz estrategiko gisa ulertzen du", azaldu dute.
Bestalde, uda honetatik aurrera, Zirimolak beka sistema propioa jarriko du martxan, eta lehen urte honetan 50 plaza gordeko ditu zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gaztetxoentzat, errenta maila edozein dela ere euskarazko udaleku eta egonaldietan parte hartzeko aukera bermatzeko.
Beka sistemarako izen-ematea asteazken honetan ireki da, otsailaren 4an, eta hortik aurrerako epean jasoko dira eskabideak, martxoaren 4an zabalduko den izen-emate orokorraren aurretik. Horri esker, familien egoera sozioekonomikoa aintzat hartu, laguntza banaketa bidezkoa egin eta, ondoren, udako udaleku eta egonaldietarako matrikulazio prozesua lasaitasun handiagoz egin ahal izango da.
UDALEKUAK
Zirimolak adin tarte eta interes desberdinetara egokitutako udaleku irekiak eta itxiak eskainiko ditu 2026ko udan, ikastola bakoitzean antolatutako egitarauetatik Arabar Errioxan, Lizarraldean edo kostaldeko herrietan egingo diren egonaldietaraino.
Ekintza ludiko, kirol, kultural eta naturarekin loturikoek elkarbizitza, balioak eta euskararen erabilera naturala uztartuko dituzte, "haur eta gazteen garapenean funtsezkoak diren esperientziak sortuz".
Informazio praktikoa eta udaleku bakoitzaren xehetasunak ikastola bakoitzean eta Zirimolaren webgunean eskuratu daitezke (www.zirimola.eus); online izen-ematea ere bertatik egin daiteke.