Zornotzako (Bizkaia) enpresa batean lapurtzen ari ziren bi gizon atxilotu dituzte

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 26 mayo 2010 13:29

BILBO 26 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Zornotzako (Bizkaia) enpresa batetik material anitz ostu izana leporatuta. Furgoneta baten ondoan zeudenean harrapatu zituzten agenteek ustezko lapurrak. Kutxatilak, burdinurtuzko saretak, panel bat eta trafiko-seinale bat aurkitu zituzten ibilgailu barruan, besteak beste, Eusko Jauarlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizeko 10:30etan jazo zen guztia Zornotzako erdialdean. Bizilagun batek Ertzaintzari deitu zion enpresa baten inguruan zebilen furgoneta bati erreparatu berri ziola ohartarazteko. Berehala Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen ibilgailuak delituren batean parte hartu zuelako susmoarekin.

Iristean, bi gizonezko atzeman zituzten agenteek aipatutako enpresan, aparkatuta zegoen furgonetaren ondoan. Ertzainak hurbildu zirenean gizonezkoetako batek zerra erradial bat zeraman eskuan. Segidan bi susmagarriak identifikatu zituzten eta ibilgailua miatu egin zuten. Besteak beste, kutxatilak, burdinurtuzko saretak, panel bat eta trafiko-seinale bat aurkitu zituzten ibilgailu barruan.

Enpresa ikuskatu zutenean, teilape zati bat hautsita zegoela egiaztatu zuten. Hau ikusita, bi susmagarriak atxilotu egin zituzten lapurreta delitu bat leporatuta. 42 eta 19 urteko atxilotuak ertzainetxera eraman zituzten beharrezko egiaztapenak egin ondoren epailearen esku jartzeko.

Bestalde, beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean Muskizko (Bizkaia) Covaron auzoko garbigunetik txatarra lapurtzen ari zenean. Lapurretaren ustezko egilea sarrera inguruko hezian zulo bat eginez sartu zen garbigunera, eta agenteek bertan harrapatu zuten.

Aldean zeraman gerriko poltsa batean hezia ebakitzeko ustez erabili zituen hainbat erreminta aurkitu zizkioten, eta 41 urteko atxilotua ertzainetxera eraman zuten.

Contenido patrocinado