Bularreko minbiziaren tratamenduan lagunduko duen nazioarte proiektu bat koordinatuko du Vicomtech-IK4 zentroak

Actualizado: miércoles, 10 febrero 2016 13:00

DONOSTIA, 10  (EUROPA PRESS)

   Vicomtech-IK4 ikerkuntza zentro aplikatuak bularreko minbiziaren tratamenduan lagunduko duen Desiree izeneko nazioarte proiektua koordinatuko du. Bularreko minbiziaren unitateei erabakia hartzeko euskarri sistema emango die egitasmoak, paziente bakoitzari bere diagnostikoaren araberako terapia berezia eman ahal izateko. Proiektuaren hasierako bilerak asteazkenean eta ostegunean izango dira, Vicomtech-IK4 zentroan, Donostia eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, eta parte hartzen duten kide guztiak izango dira helburuak eta lan dinamika partekatzeko.

   Euskal zentroko arduradunek adierazi dutenez, bularreko minbizia Europako emakumeen artean sarrien ematen den tumore gaiztoa da. Paziente bakoitzaren txosten klinikoak, denboran zehar, emaitza bezala bolumen handiko informazio digitala dauka, espezialitate mediko ezberdinak tarte hartzen dituelarik eta informazioaren kudeaketa sistema eraginkorra eskatzen duelarik.

   Medikuek diagnosi proba eta burututako tratamenduen ondorioz pilatutako datu kliniko kopuru handia dute gaur egun. Datu hauek paziente berri baten tratamendua definitzerakoan oso lagungarriak izan daitezkeen parametro ezberdinak jasotzen dituzte. Informazio digitalak medikuntzan azken urteetan izan duen sarrera azkarraren ondorioz, eskuragai dagoen informazioak analisi gaitasuna gainditzen du eta adimen artifizialean oinarritzen diren tresna informatiko berriek irtenbidea aurkitu nahi diote honi.

   Horrela, Vicomtech-IK4 zentroak, nazioarteko beste enpresa, zentro, unibertsitate eta ospitaleekin batera, aipaturiko informazioa "modu eraginkor, adimendun eta diziplina anitzean bildu eta prozesatuko duen teknologia garatuko du proiektuaren baitan".

   Desiree izeneko proiektua bularreko batzordeen elkarlanean oinarritzen den web plataforman datza. Batzorde hauek diziplina ezberdinetako mediku espezializatuen taldeak dira, kasu klinikoak banaka eztabaidatzen dituztenak. Kasuei buruz eskuragai dagoen informazio guztiaren kudeaketa arintzea, arreta pertsonalizatua ematea eta pazientearen ikuspegi integralagoa izatea, pilatutako esperientzietan oinarrituta ebidentzia berriak jasotzea eta erabaki klinikoan laguntzeko tresna azkar, intuitibo eta bisualak izatea dira proiektuaren helburuak.

   Bestalde, irudian oinarritzen diren tratamenduaren pronostiko eta eboluzioarentzako tresnen garapena aintzakotzat hartzen du proiektuak, teknika ez inbaditzaileak (mamografia, erresonantzia magnetikoa, tomosintesi digitala eta abar) erabilita bularreko minbiziaren eboluzioa aurreikustea ahal egingo dituztenak.

   Horrez gain, bularrean egingo den kirurgia simulatzen duen kirurgia konputazionaleko teknologia berritzailea garatuko da, baita bularreko minbiziaren interbentzioaren emaitza estetikoa iragarriko duen eredu fisiologikoa ere. Medikua eta pazientearen arteko elkarreraginean eta pazientearen erabaki hartzean inplikazio garrantzitsuak izango dituzte.

   Modu honetan Desiree proiektuak erreferentea izan nahi du nazioarte mailan mota guztietako datu digital medikuen erabilera eraginkorrean, bularreko minbiziaren praktika klinikoa hobetzeko.

HASIERAKO BILERAK

   Horrela, anbizio handiko proiektu honetan lanean hasi eta esperientzia guztiak partekatzeko helburuarekin, proiektuan dauden kideak Vicomtech-IK4 zentroan bilduko dira asteazkenean eta ostegunean, Donostiako eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Proiektuan, besteak beste, Onkologikoa, Bilbomática, Eresa eta Sistemas Genómicos bezalako bertako eta estatuko parte hartzaileak daude.

   Horiez gain, partzuergoan Paris eta Houstoneko erreferente diren ospitale zentroak daude, baita Europako zenbait unibertsitate, ikerkuntza zentro eta ETEak ere. Zehazki, honako hauek dira: Arivis, Assistance Publique-Hopitaux de Paris (Tenon-eko ospitalea), Institut National de la Santé et de la Recherche Medicale (INSERM), Medical Innovation and Technology, Unoversity of Houston System eta Ulster University.

   Vicomtech-IK4 2001ean osatutako ikerkuntza zentro aplikatua da, Donostia eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago. Ikerketa aplikaturiko proiektuak garatzen ditu 'computer graphics', 'visual computing' eta multimedia arloetan.