Kukubiltxok "Oilo hilak" bere azken lana aurkeztuko du asteburuan Bilboko Pabilioi 6an

"Oilo hilak" aurkeztuko du Bilbon Kukubiltxok
ANTONY ROHALD
Actualizado: martes, 20 marzo 2012 19:07

BILBO, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Kukubiltxo konpainiak asteburu honetan aurkeztuko du "Oilo hilak" bere azken obra Bilboko Pabilioi 6 aretoan, bertan behera gelditutako "Sekula bai!" antzezlana ordezkatuz. Hitzik gabeko lana gauzatzeko, maskararen jolasaren inguruan burututako ikerketa sakona egin du konpainiak, zeregin horretan Nicole Wolf eta Familie Flöz taldeko Thomas Rascherren laguntza izan dutelarik. Saioa 20:00etan izango da larunbatean, martxoaren 24an, eta 19:00etan igandean, hilaren 25ean, eta sarrerak 12 euro balio du.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, "Oilo hilak" lana maskararen jolasaz baliatzen da kontsumoak gizakiarengan duen eragina irudikatu eta parodiatzeko. Oiloak iratzarrita egitera behartzen badituzte arrautzak jartzeko, gizakiok loezina dugu antsietatearen zigorra. Hitzik egin gabe eta umoreaz baliatuta, hainbat gai proposatzen ditu konpainiak, hala nola giza eskubideek askatasuna dakarten edo kate bat diren, edota besteekin konparatzeak zoriontasuna edo zorigaitza dakarren.

Elbis Rever bikoteak Udaberria Zawp jaialdiaren barne larunbat gaueko 21:30ean emango duen kontzertuarekin osatuko da asteburuko egitaraua Pabilioi 6n. Elbis Rever Bilboko musika proposamen bitxienetarikoa da, bere doinua "neo-techno post-modern dance noise post contemporary pop" bezala izendatu baitute, hau da, dantzarekin bateragarriak diren baliabide guztiak erabiltzen dituen dantzarako musika garaikidea. Saioak "kaotikoak, sexiak eta berezkoak" dira.