Euskara eta Bilbo elkarrekin doazela eta ezin dela bata bestea gabe ulertu dio Aburtok

Bilbon Euskaraldia hasteko ekitaldia egin dute Euskaldunan
EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 23 noviembre 2018 15:00

Orain hizkuntza aktibatzea tokatzen dela adierazi du Zupiriak, hori baita Euskaraldiaren eginkizun nagusia

BILBO, 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bilbon Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egin da ostiral honetan Euskalduna jaueregian, hiriko eta Bizkaiko gizarte, kultura, politika, ekonomia eta kirol arloetako eragile eta ordezkarien parte hartzearekin, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu du euskara eta Bilbo elkarrekin doazela eta ezin dela bata bestea gabe ulertu.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere hartu du hitza ekitaldian, eta orain hizkuntza aktibatzea tokatzen dela nabarmendu du, hori baita Euskaraldiaren eginkizun nagusia.

Aburtok eskerrak eman ditu "euskararen alde indarrak batzeagatik", eta Euskaraldiaren prestakuntza lanean hilabeteak eman direla gogoratu du: "Zenbat lan honen atzean, zenbat jende lanean, zenbat indar, eta hemen gaude".

Abenduaren 3ra arte iraungo duen ariketa soziala "sakon" sortu dela eta bilbotar ugarik parte hartzeko izena eman duela azpimarratu du. "Horregatik, gaur pozik gaudela ere esaten dugu, Bilbo eta euskara elkarrekin doazelako. Ezin da bata bestea gabe ulertu. Izugarrizko lotura dago Bilbo eta euskararen artean, eta lotura horti indartu eta landu behar dugu, eta guztiok izan behar dugu eragile hori egiteko", adierazi du.

Halaber, ziurtatu du honelako ekimenek gogoratzen dutela norbanakoak "askoz ere aktiboagoak" izan behar direla euskararekin, "protagonismo handiagoa" izan behar dutela, eta, ildo horretan, herritarrak animatu ditu "lehen hitza euskaraz egin dezaten". "Eta ez bakarrik datozen 11 egunetan, baizik eta urteko 365 egunetan, euskara ondo ez dakitelako zalantzak dituzten lagunek ere. Jarrera da balio duena, guztion jarrera, eta oso garrantzitsua da esaten den lehen hitza beti euskaraz izatea, eta denok izan behar gara kapaz hori egiteko", esan du.

Modu honetan, Euskaraldian ez parte hartzeko aitzakiarik ez dagoela nabarmendu du, eta, batez ere, euskaraz ez egiteko aitzakiarik ez dagoela: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik".

EUSKARAZKO ZUBIAK

Bestalde, bere hitzaldian, Bingen Zupiriak adierazi du euskara gaur egun Bilbon "artxipelago bat" dela, "milaka eta milaka uhartez osaturiko artxipelago bat", eta ziurtatu du Euskaraldiak aukera emango duela "artxipelago hori osatzen duten uharte guztiak elkartzeko euskarazko zubien bitartez".

"Euskaraldiarekin uharteen arteko zubi lana egingo dugu eta artxipelago hori sare bihurtuko dugu Bilbon. Milaka eta milaka gara Bilboko bizilagun euskal hiztunak, milaka eta milaka Bilbon euskara ulertu dezaketen pertsonak. Hizkuntza aktibatzea tokatzen da orain, eta hori da Euskaraldiaren eginkizuna", azaldu du.

Leer más acerca de: